Aurten ere JAION antolatu dugu Lakaxita Gaztetxetik horretarako aukeratutako eguna apirilak 20 delarik, eta iazkoa espaziala izan bazen aurtengoa espeziala izango da, aurtengo edizioa, 10. JAIONa izango baita. 10 urtez kale okupazioaren bidezko gizarte iraulketa sortzaile eta dibertido gisa definitu genuen jaia ospatzen, eta horrekin batera, Lakaxitaren 8. urteurrena.
Azken ikasturte honetan gaztetxea ekimenez beteta egon da, gure tartaren osagarriak antzerkiak, kontzertuak, tailerrak, hitzaldiak eta abar izan direlarik. Ehundaka pertsona pasa dira gaztetxetik kurtso osoan zehar eta ekimen andana antolatu dituzte gaztetxeko asanbladak edota espazioa erabiltzen duten beste eragileek: feminismoa landuz, kaleratzeen aurkako mugimendua lagunduz, abiadura handiko trena eta azpiegitura txikitzaileak salatuz, baratza agroekologikoetaz gozatuz, kulturaniztasuna sustatuz edota gazteon errebeldia sustatuz.
Urtez urte, egiaztatzen goaz gure moldeak geroz eta baliagarriagoak direla. Krisi garai hauetan, autogestioa eta asanblada, norbanakoen independentzia eta kolektiboaren garrantzia sustatuz, eredu berriak sortzen goazelako. Erakunde atzerakoi, espekulatzaile, edota indar errepresiboek gure pastela mikazten diguten arren, Lakaxita osatzen duten eragile eta norbanakoak bizkotxoa bezain xamurra, hojaldrea bezain kurruskaria, merengea bezain krematsua, azukrea bezain gozoak dira.
Jaion, horren guztiaren adierazpena izatea nahi dugu aurten, Mosku plazatik Lakaxita gaztetxeraino, gure tarta laberatuko dugu BOOM taldearen eskutik, The Sonics taldearen tributoarekin. Ondoren gaztetxean bertan, festak jarraituko du eta hurrengo kontzertuak izango ditugu: INOREN ERO NI, EL DESVÄN DEL MACHO, MUSHROOM CAFFEINE eta APURTU. Ondoren gaua alaitzeko DJ GÖO izango dugu, hirugarren urtez.
Horrez gain, aurtengoan txano lehiaketa izango dugu. Bakoitzak berak egindako, erositako, zein lapurtutako txanoa ekarri dezala, eta sari ikaragarria jasoko du originalena, ederrena, xarmantgarriena dakarrenak.
Lakaxitaren tarta labean puzten ari da, ilusioz, kolorez eta gozogarriz beteriko tarta, pertsona guztiei guztientzat egokia da, autogestioa osagaitzat harturik, tarta gozoago bat egin dezakegula uste baitugu!
Bon appétit!
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 2149 irakurketak
- Castellano