Komunikatu hau sinatzen dugunok irabazi asmorik gabeko erakundeak eta enpresak gara. Guztiok dugu helburu, Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako euskara hutsezko irrati eskaintza anitz bat egitea. Aurreko Eusko Jaurlaritzak 2012an abiatu zuen lizentzi-banaketaren inguruan sortutako zalapartaren harira elkartu gara orain.
Eusko Jaurlaritzak pasa den urteko udaberrian deitu zuen lehiaketaren ebazpena publiko egin zuenean, behin behineko lizentzia eskuratu genuela komunikatu ziguten.
Ondoren, gure harridurarako, jardunean zegoen Eusko Jaurlaritzak lehiaketa bertan behera uztea erabaki zuen, prentsa bidez jaso genuen berria. Are gehiago, erabaki hori hartu baina 15 egun lehenago, eta prentsa bitartez ere, ebazpena behin betiko bihurtzeko erabakia hurrengo Jaurlaritzari utziko ziola jakinarazi zuen.
Espedienteei begiratu bat ematea besterik ez dago, hasieratik irregulartasunez beteriko lehiaketa bat izan dela ikusteko. Irregulartasun horien zergatia azaltzea, ordea, beste batzuei dagokie.
Beste aldetik, gure desadostasuna agertu nahi dugu Bilbon, euskara hutseko irratientzat gordetako erreserba banaketagatik. Eusko Jaurlaritzak SERek bultzatutako “Dial Bilbao” irrati formula hobetsi zuen, Bilbo Hiria irratiak aurkeztutako euskarazko proiektu ezagun eta errotua baztertuz. Zein interes egon daiteke hautaketa honen atzean?
Erabiliak eta gutxietsiak sentitzen gara. Egoitza Madrilen duten komunikazio talde handien presiopean, euskara interes-politikoen arabera erabilia izaten ari da.
Guk geuk helegiteak aurkeztu ditugu Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren aurrean; hilabete bateko apean, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren departamentutik erantzuna jaso beharko genuke.
Egoera larria da oso. Espero dugu Jaurlaritzak hartuko duen erabakian, interes partikularren gainetik egotea euskara. Baina, lehiaketa bertan behera uzteko erabakia mantentzen badu, azken 26 urtean diala euskalduntzeko egon den aukera bakarra galduko da: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako %90ean euskara hutsez garatuko diren proiektuak ordezkatuak izateko aukera. Frekuentzia legal batean, berdintasunean lehiatuko diren proiektuak. Irrati eskaintzari, eta bereziki euskarazko irrati eskaintzari, aniztasuna eta freskura emango dioten proiektuak.
Lizentzia eskuratu duten irratietako hiruk, hiriburuetan eskuratu dituzte. Gainera, irrati komunitarioak dira. Beraz, irrati komunitarioen sektorea (legedi espainolak hainbestetan baztertu duen sektorea) aintzat hartuz aintzindaria izango litzateke Euskal Autonomi Erkidegoa (egun irrati komunitario bakar batek dauka lizentzia, Valentzian).
Beste enpresa batek 8 lizentzia eskuratu ditu, euskarari sekulako bultzada emango lioke honek. Errealitatea krudela da: gaur egungo dialaren %80 espainolez emititzen duten irratiez osatua baitadago.
EUSKALGINTZARI BABES ESKAERA
Komunikabideak, euskararen normalizazioaren bidean, berebiziko garrantzia duten tresnak dira. Ezin dugu onartu hurrengo 26 urteetan ia erabat espainolez izango den diala. Legala izango den benetazko presentzia behar du euskarak.
Horregatik, euskalgintza osatzen duten eragileei bilera baterako gonbitea luzatzen diegu. Datorren martxoaren 26an, asteartea, goizeko 11:00etan Martin Ugalde Parkean.
EUSKO JAURLARITZARI ESKAERA
Eusko Jaurlaritzari eskaera egiten diogu, lehiaketa berrartu dezala irregulartasunak hasi ziren puntuan. Egokiagoa ikusten badu, kasu hauetan egin ohi den bezala, bigarren balorazio independiente bat eska dezala. Baina prozesu hau guztia bukatzeko jar ditzala indar guztiak, eta ez ordea, definitiboki bertan behera uzteko.
Lehiaketa bertan behera geratzen bada, 34 lizentzia hauek (modu iregular batean banatuak eta anulatuak) egoera juridiko berezi batean geratuko dira, errekurtso kate etengabe batean, beste lehiaketa bat deitzea urte luzez atzeratuz.
Euskarak merezi du!
ANTXETA IRRATIA, ARABA IRRATIA, JUSTURI IRRATIA, EUSKAL IRRATI ZERBITZUAK
Agus Hernan-aren Elkarrisketa Info7-an (gazteleraz)
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1764 irakurketak
- Castellano