Desgaitasuna duten zortzi pertsona bizitzeko egoitza berria zabaldu da Irunen

logotipogipuzkoa.net. Gizarte Politika 2013-10-22.- Gizarte Politikako Departamentuak desgaitasuna duten pertsonentzako pisu berria zabaldu du hil honetan Irunen. Desgaitasun intelektuala, laguntza premia zabala eta portaera arazorik ez duten zortzi pertsona hartuko ditu egoitza honek, eta Atzegi elkartea izango da kudeaketaren arduraduna.

Larraitz Ugarte foru bozeramaileak jakinarazi duenez, Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du erabaki hau, “momentu ekonomiko latzenetan ere, Gobernu honek pertsonekiko eta Gizarte Politikarekiko duen konpromisoaren adierazle den erabakia”. Diputatuak, gainera, Gizarteratze Zerbitzuan egingo den langile errefortzua ere aipatu du konpromiso honen adibide gisa.

Ugartek azaldu duenez, momentu honetan, desgaitasuna duten pertsonentzako 779 plaza publiko daude Gipuzkoan, 52 zentrotan banatuta. Hala eta guzti zere, errekurtso gehiago behar dira, bereziki desgaitasun intelektuala, laguntza premia zabala eta portaera arazorik ez duten pertsonentzat.

Horrelako profila duten pertsonei egoitza zerbitzua eman ohi dien elkarteetako bat Atzegi da, eta Gizarte Politikako Departamentuak lankidetza hitzarmen bat dauka elkarte honekin indarrean. Horregatik, Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du hitzarmen honen baitan, Irunen zabaldu den pisua sartzea, eta hitzartutako plazen kopurua gehitzea. 

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak Gizarte Politikako Departamenturako errefortzua onartu du gaur. Ugarteren hitzetan, “Gizarteratze Zerbitzua aipatutako departamentuko ahulenetako bat dela aipatu izan dugu legealdi hasieratik. Horregatik, zerbitzu hau indartzeko neurriak hartu izan dira bi urte hauetan. Oraingo honetan hartutako erabakiari esker, bi profesional gehiago izango ditu zerbitzu honek: psikologo bat eta sekzio buru batekin indartuko da”.

Etiquetas: