Bidasoan Euskaraz: Maiatzak 3-4-5

argazkiaantxetamedia.info.- Maiatzaren 3tik 5era Bidasoan Euskaraz jaialdia egingo dute Pausun. Antxeta Irratiak, eta Urruñako Berttoli eta Bakalau elkarteek antolatu dute egitasmoa beste urte batez, eta Hendia, Urruña, Irun, Biriatu eta Hondarribiko bizilagunak elkartzea izango du helburu. Kantu afaria, pintxo txapelketa eta pala partidak ez dira faltako.

Antolatzaileek adierazi dutenez, Lapurdi eta Gipuzkoaren arteko izaera naturala indartzeko asmoz sortutako jaialdia da Bidasoan Euskaraz. Maiatzaren 3an hasi eta 5era bitarte, ostiraletik igandera, luzatuko da, eta hiru egunez kirola, musika, gastronomia eta jai giroa uztartuko dituzte Bidasoa aldeko herritarrek.

Egitaraua ostiralean hasiko da, kantu afaria egingo baitute Xaia ostatuan, Urruñan. Larunbatean, aldiz, Euskal Herriko ardoak dastatzeko aukera izango da, eta horrekin batera, pintxo txapelketa ere egingo dute. Bertan parte hartu nahi izanez gero, elkarte gisa izena emateko epea zabalik da oraindik, eta Antxeta Irratira edo Xaia ostatura deituz egin ahal izango da.

Hurbiltzen direnek, gainera, pintxoak dastatzeko aukera izango dute bost euroren truke, eta sukaldaritzan aritutako lagunez osaturiko epaimahaiak irabazlea nor den ebatziko du.

Musika eta kirola
Larunbat arratsaldean Imuntzo eta Beloki bikoteak jarriko du giroa, dantza egin eta ongi pasatzeko; horren ostean Jam Sessiona eskainiko dute Xaian.

Igandean, azkenik, pala txapelketaren finalak jokatuko dituzte goizeko 10:00etatik aurrera Pausun. Hiru izango dira orotara, eta martxoan hasitako lehiari amaiera emateko balioko dute. Ondoren bazkaria egongo da Xaia ostatuan. Ostiraleko kantu afarira edo igandeko bazkarira joan nahi izenez gero, azkar ibili eta eman izena Antxeta Irratian edota Xaia ostatuan.

Etiquetas: