IRUNgo EH BILDUren iritzia partaidetzazko aurrekontuak ekimenaren aurrean

fotoEH Bildu.- Jada martxan da gure bailaran Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Partaidetzazko Aurrekontuak ekimena. Gipuzkoako beste eskualdeekin alderatuta atzerapenarekin bada ere, 500.000 euro zein proiektutan erabiltzea nahi duten erabakitzeko  proposamenak egiten  hasi da jendea Irun eta Hondarribian burutzen ari diren 6 tailerretan.

Ekimen honek dituen 3 unetatik lehenengoan gaude oraindik, proposamenak egin eta herritarron artean eztabaidatzeko unean. Garaiz gaude oraindik.

Gure gizarte honetan egindako bidea egiteko erabili dugun  eredua agortuta dagoen honetan, politika egiteko modua mugatu eta klase politikoa herritarrengandik urrundu egin denean, berritzaileak diren ekimenak inoiz baino garrantzitsuagoak dira gure ustetan.

Norabide aldaketa bat beharrezkoa da. Politika egiteko beste modu bat jarri behar da indarrean. Herritarrokin batera elkarlanean, hitza eta erabakia eman eta konpartituz, egun politikariak eskutan duten gehiegizko botere horretatik kendu eta hori herritarrei emanez beste eredu baterantz joan beharra dugu. Demokrazia ordezkatzaileak dituen mugak gaindituz hau atzean utzi eta zuzeneko demokrazia batetaranzko igarobidea egin behar dugu parte hartzea bultzatuz. Hori da egun herritarrok eta politikariok dugun erronka.

Irungo EH BILDUk honela ulertzen du Foru Aldunditik antolatzen den Partaidetzazko Aurrekontuak ekimena, bide luze hau martxan jartzeko lehen elementu gisa. Aurrekontuak egiterako orduan boterea herritarrokin konpartitu eta hitza eta erabakia emanez gauzak beste modu batera egiteko saioa.

Ekimen honen alde berritzaile eta iraultzailea ikusiz, agortutako eredu baten mugak eta kalteak konpontzeko beharra ulertuz eta etorkizuna irabazteko aukeran sinetsiz, halako  iniziatibak sortu eta bultzatu behar direla konbentzituta gaude  bide hori  egitera bagoaz.

Zentzu honetan zoriondu egiten ditugu Hondarribia eta Irungo herritarrak tailerrak izaten ari diren arrakastagatik. Era berean  oraindik ekimen honetan parte hartzen ez dutenei tailerretara bertaratu edo beste bideak erabiliz ekimenera batu daitezen  deia egiten diegu.

Etiquetas: