Urdanibia Plaza inguruko ostalariek Irungo jaien balorazioa

Irungo jaiak bukatu ondoren, Urdanibia Plaza inguruko ostalariek gure balorazioa irundarren aurrean publiko egiteko beharra daukagu.
Kontuan hartuta prentsaren bidez jakin genuela udal gobernuak txosnak eta kontzertuak Ficobara lekualdatuko zituela:
Jose Antonio Santano Irungo alkatearen hurbiltasun, borondate eta gardentasun faltagatik haserre gaudela errepikatu nahi dugu. Alkatearen jarrera horren ondorioz ,ez dugu lortu gure eskaerak aseko zituen akordiorik, Urdainibiako lanak hasi zirenetik jasan ditugun kalte ekonomikoen jakitun zen arren.
Interesa zeukan edonork ikusi du, ekainaren 27tik aurrera plaza gure eskaerak betetzeko moduan zegoela. Guk kalean kontzertu txikiak egitea  eta ekainaren 27tik aurrera txosna bakar batzuk jarri ahal izatea proposatu genuen. Aukera bideragarria zen, baina ez da borondaterik egon.
Gustu mingotsa utzi digu Jose Antonio Santano alkatearekin eta Belen Sierra kultura zinegotziarekin izandako harremanak. Hala ere, udalak plazaren inguruan hainbat aktibitate antolatu izana modu positiboan baloratu behar dugu. Baina azpimarratu nahi dugu aurten izan den giroa ez litzatekeela posible izango herri mobilizaziorik gabe.
Eskerrak eman nahi dizkiogu apirilaren 30eko aldarrikapen festan parte hartu zuen jendeari. Ezin ditugu ahaztu gure eskaeren alde sinatu zuten 4.869 pertsonak. MILA ESKER DENEI.
Aurten plazan izan den giroa azpimarratu nahi dugu. Ezin hobea izan da, aurreko urteetako jarduerak falta izan diren arren. Ekimen ezberdinak antolatzeko eta kolaboratzeko jendearen ahalegina izan da arrazoia.
Mila esker berriro jaietan goza genezan posible egin duten guztiei. Bereziki ondorengoei:             
   JAIAK HERRIAN  EZ FICOBAN KOLEKTIBOARI-BETTI GOTTI-ZARIMUTZAK-TXOSNEN KOLEKTIBOARI -TALDEI: LUZ DE PUTAS-SANGRE DE MONO-THE INDUCTIONS-SUMISION CITY BLUES-HUNGRYAT HEART-ENERITZ-DJ RASK&BULLET KID-ARGI ZULO DUB STATION-PINI SISTHA KATA-SELEKTAH STEPI-NOVAT&BIG SOUND BOY-BAD SOUND SYSTEM-DJ PUNTO&SOMA SELEKTA-DJ LEKU-BIONIKA-DJ MOTORES-DJ JORGE-SELEKTAH AMUNDA.   PEÑA POTEO TXARANGA-ELEKTROPATXARANGAKOEI.  GARI GARAIALDE-IÑIGO GARRAUS -ENDIKA LOZANORI.  AMETS ARZALLUS-ALAIA MARTIN-AITOR ERRAZKIN-JON MAIA BERTSOLARIEI.  ZUHAITZ OLAZABALI .  IRUNABARRETIKOEI. EKAINAK 26an, MERKADILOAN PARTE HARTU ZUTENEI- BIZKOTXO LEHIAKETAN AURKEZTU ZIRENEI- PINTXO POTE EPAIMAHIAK

   ETA NOLA EZ, PARTE HARTU DUTEN MILAKA PERTSONEI, MILA ESKER AURTEN ZUEN LAGUNTZAGATIK.


Bukatzeko, adierazi nahi dugu aurtengo San Martzialetako eta aurreko hilabeteetako esperientziak argi utzi duela plaza honetan ahalmen eta potentzialtasun handia dauzkagula. Talde eta sentsibilitate ezberdinen artean indarrak batzeko gai gara, elkarlanean jarduera soziokultural ezberdinak aurrera eramateko. Gure konpromisoa da bide horretan aurrera egitea. Auzoak, bertan bizi,lan egin edo gozatzen dutenek merezi dute. Merezi dugu.

Etiquetas: