AHTren Astigarraga-Oiartzun-Lezo proiektuari alegazio aurkezpen kolektiboa egiteko deitu dute

Donostiako eta Oarsoaldeako AHTren aurkako taldeek.- Donostiako eta Oarsoaldeako AHTren aurkako taldeek deituta, egunotan informazio publikoan dagoen AHTren Astigarraga-Oiartzun-Lezo proiektuaren (Ikerketa Informatiboa) aurkako alegazio aurkezpen kolektiboa eta AHTa salatzeko elkarretaratzea egingo da datorren apirilak 13 astelehenean. “AHTren EROKERIA GELDITU!” lemapean egingo da  alegazioen aurkezpen kolektiboa eta kontzentrazioa, goizeko 11etan Espainiako Gobernu-Ordezkaritzak Donostian duen egoitzan (Pio XII plaza, 6). Datorren astehenean komunikabideei ere Gobernu Zibileko erregistroan egingo dugun alegazioen aurkezpen kolektibora etortzeko dei egiten dizuegu. Jarraian AHTren kontrako ekimen honen inguruan adierazpenak egingo ditugu.

 Alegazioen dokumentuan:

1)Egitasmoa honek lurraldeari eraso egiten diola salatzen dugu: Martuteneko Ibarra Donostian, Zamaldide Oreretan, Ugaldetxo-Arragua Oiartzunen eta Gaintxurizketa Lezon dira inguru zigortuenak.

2) Egitasmo honi loturiko beste azpiegiturek ere desadostasun sozial eta instituzional garrantzitsua eragiten dutela adierazten dugu: Lezo-Gaintxurizketan ezarri nahi den merkantzien garraiorako plataforma logistikoa eta Jaizkibelgo Supeportua.

3) Egitasmoaren justifikazio falta azpimarratzen dugu: izan ere, Ikerketa Informatiboak berak onartzen duenez, egungo trenbide sareak trafiko guztiak bideratzeko gaitasuna izango du, hirugarren errailarekin trenbide zabalera europarrera egokituko denean, azpiegitura berri bat eraiki behar izan gabe. Are gehiago, Gobernu frantziarrak Bordeletik hegoaldera Abiadura Handiko Trenbide berri bat eraikitzeko asmoa baztertu duenean.

4) Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteko eraikuntza lanen kostu ekonomiko itzela salatu (440 milioi eurotan aurrikusten da proiektuan) eta bestelako premia sozialei lehentasuna ematea aldarrikatzen dugu.

5) AHTren Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatiaren tramitazioa bertan behera uzteko eta “Euskal Y”-aren eraikuntza lanak geldiarazteko exijitzen dugu, makro-proiektu honek lurraldean eta gizarte ereduan dituen eraginak kontuan hartuta, herritarren artean eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat abian jar dadin.  

Asteleheneko kontzentrazioan partehartzeko eta alegazioak sinatzeko dei egiten dugu beraz.

Etiquetas: