Donostialdea-Bidasoa Beheko PTP-ZLPri buruz eskualdeko taldeen arteko bilera deialdia: Urriaren 14an egingo da Lezon

Urriak 14 asteazkenean, arratsaldeko 7etan Lezoko Txerrimuñon, Donostialdea-Bidasoa Beheko Zatikako Lurralde Planak (PTP-ZLP) eragindako herrietako talde ezberdinen artean batzarra egingo da, hain zuzen ere Plan horren inguruan informazioa trukatzeko  eta elkarren artean erantzun bateratu bat bultzatzeko helburuarekin. Izan ere,  PTPa azaroaren 15a bitarte informazio publikoan eta alegazioak aurkezteko epean dago, eta Planak zuzenean eragindako 13 udalerrietan (Irundik hasi eta Usurbil, Lasarte eta Andoainera hedatzen da barne hartzen duen lurraldea) herritarrengandik oposizio garrantzitsua piztu duten hainbat egitasmo jasotzen ditu: besteak beste, Andoainen Sorbabillatik Bazkardora N-1 autobidearen trazaketa berria, Zubietako errauskailua, AHT, Auditz-Akularreko egitasmo urbanistikoa, Donostiako hiri-erdialdetik Metroa eraikitzeko proiektua, etabar luze bat. Horrekin batera, PTPak Lezo-Gaintxurizketan, Zubietamendin, Irunen eta Urumea bailaran “estrategiko”tzat ematen dituen eremuetan, lurralde okupazio bortitza dakarten poligono logistiko erraldoiak, ekipamendu handiak, azpiegiturak eta eraldakuntza urbanisitiko latzak ahalibidetzen dituzten udalez gaindiko planak ezarri nahi ditu.

Hori dela eta, Plan horrek dituen tokian tokiko eragin kaltegarriengatik nahiz indartzera datorren garapen eredua errefusatzeko ditugun arrazoi amankomunengatik, PTParen edukinekin ados ez gauden  talde eta pertsonak  elkartzea premiazkoa dela uste dugu.  Zentzu honetan, batzar hori deitzeko asmoa joan den irailean Gaintxurizketako baserri-lurren defentsan egindako topaketa batean sortu da, PTPak ingurune honetan ezezik eskualde osoan bultzatzen duen garapen ereduaren eta lurraldearen okupazio bortitzaren aurrean indarrak biltzea eta gure auzo eta herrietan erresistentziak sortzea beharrezkoa delako.

OHAR INFORMATIBOAK:
PTP-ZLP izaera desarrollista nabarmeneko plan bat da. Bere proposamenekin eragiten dituen tokian tokiko ondorio kaltegarriez gain, lurraldearekiko eraso larria dakar bere osotasunean. Indartzen duen garapen eta gizarte eredua auzitan dago. Jarraian, Plan horrek jasotzen duen hainbat proposamen laburbiltzen dugu.

Lezo-Gaintxurizketa-Oiartzun:
PTP-ZLPren helburu nagusi bat Gaintxurizketako baserri-lurretan zonalde logistiko erraldoia ezartzea da, Lezoko eta Oiartzungo lLurretan. Honi dagokionean, dio PTP-ZLPak, “egun libre dagoen 180 hektareako lurrazalera batean Gipuzkoako plataforma logistiko eta intermodalen gune nagusia eraikitzea planteatzen da”.

Planak onartzen duenez, ordea, “Gaintxurizketan jarduera ekonomikoetarako azalera berriak sortzeko proposamen honek ez dio arlo honetan legokeen gabezia kuantitatibo bati erantzuten”: alde horretatik, “gaurregungo udal-planetan planifikatuta dauden erreserbak nahikoak dira”, esaten du. Hartara, “Lezo-Gantxurizketako nodo logistiko berria” zuritu asmoz, “sostengu elementu gisa” beharrezkoa litzatekeela dio, bai Pasaiako portuaren jarduerak laguntzeko eta bai “Irungo jarduerak Lezo-Gaintxurizketara lekualdatzeko eta Irungo hiri-erdialdearen eraldakuntza” laguntzeko, ezpada “etorkizunean Pasai Antxon merkantzien trenbide eremua lekualdatzeko edota gutxitzeko” ere.

Ondorioz, Oarsoaldean jarduera ekonomiko eta logistikoetarako planifikatu beharreko lur-eremua “nabarmenki handitzen da”, 420/470 hektarearaino...

Esan behar da, gainera, Gaintxurizketako egitasmo txikitzaile  honen hastapena AHTren Astigarraga-Lezo zatiaren eraikuntzari estuki  loturik dagoela, eta aurrera begira errepide sare zabal-zabal baten eraikuntza dakarrela berekin: honi dagokionean, Lezo-Errenteriako saihesbidearen eta Altamirako tunelen bikoizketa aurrikusten du PTPak, baita A-8 Autopistatik (Arkale ingurutik) Lezo-Gaintxurizketako zonalde logistikora lotune zuzen baten eraikuntza eta Lanbarren inguruan korapilo berriak eraikitzea ere.

Irun:
PTP-ZLPren beste “nukleo gogor” bat Irunen eragiten duten egitasmoen multzoan dago.

Batetik, Irungo hiri-erdialdean aurrikusitako “Trenbide Espazio Berria” izeneko eremura (“Nueva Espacio Ferroviario” delakora) Autopistatik errepidezko gaitasun handiko lotune zuzen bat eraikitzea proposatzen du. Errepideei gagozkiela, Irungo Hegoaldeko Saihesbidea eraikitzeko (“Ronda Sur” izeneko errepide berri hori Autopistaren paraleloan eraikiko litzateke) eta Irungo Bentak auzotik (Landetxa) Behobiaraino Autopista 6 karriletara zabaltzeko egitasmoak ere jasotzen ditu.

Bestetik, plataforma logistiko eta jarduera ekonomikorako poligono berriak Irun eta Hondarribiako udalerrien mendebaldean eraikitzea proposatzen du (50 hektarea Arasoko iparraldean, Zabaletan eta Elbistietan).

Hala ere, ekintza nabarmengarriena Irungo hiri-erdialdeko ingurune urbanoaren erabateko eraldakuntza eta birmoldaketa latza planteatzen duen Trenbide Espazio Berriaren egitasmo arranditsua da: hots, Irunen egun dauden trenbide instalazioen eremu zabalean ADIF geltoki berria (AHTren etorrerari loturik dagoena), ETSren geltoki berriak (Donostialdeko Metroaren egitasmoa), Autobus Geltoki Berria, Irungo hiri-erdialdea “permeabilizatzeko” etorbide eta errepide berriak, gune unibertsitarioak, tertziarioak eta komertzialak sortzea bultzatzen du. Egin kontu, Irungo erdialdearen fisionomia eta espazio urbanoaren erabilera erradikalki aldarazi nahi dituen operazio erraldoi honek, negozio urbanistikorako aukerak zabaltzeaz gain, biztanlegoaren profil sozialaren gainean ere gogor eragingo baitu azkenean.

Zubieta:
PTPak Zubietamendin sustazten du beste “operazio estrategiko” handi bat, non errauskailua eta Gipuzkoako espetxe berriaren gisako “ekipamendu komunitario handiak” ezartzearekin batera, jarduera ekonomiko eta logistikoetarako 72 hektareako poligono zabal-zabal bat (Eskuzaitzeta) eraikitzea ere bultzatzen duen. Lurraldearen okupazio bortitz horren osagarri gisa, Oria (N-1) eta Txikierdi (N-634) artean errepide berria eraikitzea planteatzen du, Hipodromoaren eta Oria ibaiaren ezkerraldeko ibaiertzetik; baita Urnietatik Eskuzaitzetara 132Kv-tako linea elektriko berri bat egitea, eta Zubietan 1.000 etxebizitza eraikitzeko aukera zabalik uztea ere.

Urumea:
Donostia, Astigarraga eta Hernani artean hedatzen den Urumea bailararen eremua,“Donostiako Erdialde eta Urumeako  Hiri Agrupazio” gisa definitzen du PTP-ZLPak, non “etengabeko hirigune” bat eraiki eta “bere baitan guztizko hiri zati bat” bilakatzeko apostua egiten duen. Hartara, 15.000 etxebizitza berriren eraikuntza proposatzen du“Urumeako Korridorea”n,  “oraindik 2Km-tan nahiko gutxi okupaturiko bailara eremu zabal bat” badela onartzen duelarik. Finean, dio PTP-LZPak, “Donostiako hiriaren hedapena izango da datozen urteetan emango den funtsezko eraldakuntza urbanisitiko bat, Amaratik Hernaniraino Urumeako bailaran barrena”.

Hori dela eta, eremu guzti honetan ere, udalez gaindiko planifikazio bat ezarri nahi du Planak, garraio azpiegitura handiek ere gogor eragindako eremua dela ahaztu gabe.  AHTri gagozkiola, adibidez, “oraindik zehaztu gabe” omen dagoen “Trenak Aurreratzeko eta Baztertzeko Gune” bat ezartzea aurrikusten du PTPak Astigarragaren parean eta Urumeako ezkerreko ibaiertzean (“Puesto de Adelantamiento y Estacionamiento de Trenes”–PAET), baita “Astigarraga-Martutene-Donostia zatiantrenbidearen plataforma lekualdatzea” ere…

Azken datu batzuk hirigintza-hazkundearen, azpiegituren, kostu ekonomikoen eta lurraldearen suntsipenaren inguruan:
PTP-ZLPak 24.000 etxebizitza berri eraikitzea aurrikusten du 2030 urtera bitarte, tartean daudelarik Auditz-Akular (3.000 etxebizitza) eta Antondegiko operazioak (3.000 etxebizitza), baita Irunen (4.600 eta 6.000 etxebizitza berri) eta Hondarribian (1.700 eta 2.400 artean) aurrikusi ere… Bestalde, “bigarren etxebizitzen eskaera espezifikoari dagokionean gerta daitekeen gorakadari erantzuteko, Hondarribian eta Donostiako Erdialdean hazkunde erresidentzialaren aurrikuspenak areagotzea” eskatzen du.

Azpiegitura handietaz ari dela, PTPak “azken urteetan ekonomiak izandako geldialdi”ari egozten dio (hau da, “2010-2014 aldiko azteraldi gogorra”ri) Jaizkibelgo Superportua eta 2010 urteko PTP-ZLPan aurrikustikako Kanpo Autopista berria (Oiartzunko bailaratik Bidasoaraino zihoan hori) Plan honetan “ez kontsideratu” izana.

Alabaina, AHTren Astigarraga-Lezo zatiaren eraikuntza “lehentasunezko”tzat jotzen du eta “epe ertain-luzera” Oiartzundik Behobiara “Euskal Y”-aren eta TGVren “etorkizuneko sare frantsesa”ren arteko lotura zuzena egitea eskatzen du; bere proposamenen artean Zubietako errauskailua, Sorabilla eta Bazkardo artean N-1 Autobidearen trazatu berria, Donostiako hiri-erdialdetik Metroa eraikitzeko egitasmoa eta beste daude. Halaber, Oiartzungo bailaran errepide sarbide berri bat egitea eskatzen du mendebaldetik (GI-2132), Lezon GI-440 errepidearen saihesbidea (herrigunearen mendebaldetik lihoake hori, portutik Pasai Donibanera), Hernanin GI-2132 errepidearen mendebaldeko saihesbidea, A-8 Autopistaren ohiko ibilbidean korapilo eta lotune berriak egitea Aritzetan, Loiolako Erriberan, Intxaurrondon, Auditz-Akularren eta Pontika-Loidin; etabar.

PTP-ZLPak 1.300 hektarea lur baino gehiago suntsitzea planifikatzen du hemendik 2030 urtera: lurraldearen okupazio berri horien artean 790 hektarea etxegintzarako, 340 hektarea jarduera ekonomikoetarako, 200 hektarea garraio azpiegituretarako eta 100 hektarea “ekipamendu komunitarioetarako”direlarik (hots, errauskailua, makro-espetxea, etab.). Hala ere, “parke erresidentzialerako eta Jarduera Ekonomikoetarako lurraldearen okupazioa gutxituko dira (…) hedapen urbano berriaren aurrean jadanik artifizialduak dauden lurren erabilerari eta Habitat Erruraralen babesari lehentasuna emango zaie”,  esaten du gero, lurraldearen hondamena zuritu nahian!

Esanguratsuak dira,halaber, programaturiko ekintza nagusien kostu ekonomikoen inguruan ematen dituen datuak: osotara aurrikusten dituen 3.200 milioi euroko gastuetik(zifra honetan ez dira sartzen sustapen pribatuko etxebizitzak), 2.000 milioi euro garraio azpiegituren eraikuntzan xahutzen dira (AHT eta Donostialdeko Metroa gailentzen dira), jarraian dator errauskailua…

Etiquetas: