Eguzki.- Hiru Guardia Zibilek Donostian epailearen aurrean deklaratu dute gaur, ustez ingurumenaren kontrako delitua egin dutelakoan. Gertakariak kokatu ahal izateko, iazko martxoaren 10era jo behar dugu, egun hartan Guardia Zibilak sutea eragin baitzuen Jaizkibelgo militarren tiro-eremuan material pirotekniko zaharra suntsitzen ari zenean.
Guardia Zibileko kide hauek, hiruetatik bi leherkarien deuseztapenean experientzia handia dutenak, gertakarien ondoren esandakoa berretsi dute eta hirurek deuseztapena ohiko baldintza (lurra hezea, pertsonentza arriskurik ez…) eta kokapenean egin zela esan dute; etzuten sua itzaltzeko bitartekorik ibilgailuko su-itzalgailua besterik; suteen arrisku maila etzuten konsultatu.
Eguzkiko kideon ustez, Guardia Zibilen aldetik edo/eta desaktibazio taldearen aldetik arriskuen aurrikuspen falta bat egon zen gutxienez, eta horrekin batera arriskupean jokatu zuten, begi bistan geratu zen bezala babesgune bateko, babestutako landaretzaren 5,5 hektarea erre zirenean, zeinak Aldundiaren txostenaren arabera 4 eta 8 urte bitartean beharko duten aurrekoaren antza duen egoera batetara itzultzeko.
Epaileek edozein erabaki hartuta ere, Eguzkikook garbi ikusten dugu sute hura ez zela arazo puntual bat izan. Guk garbi ikusten dugu zentzugabea dela naturgune bat, dituen balioei erreparatuta, Natura 2000 sareko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea eta, aldi berean, bertan tiro-eremu bat egotea. Inork oraindik dudarik balu, iazko suteak argi eta garbi utzi zuen kontserbazioa eta tiro eta leherketak ez direla bateragarriak. Leherketak ohiko gauza dira Jaizkibelen, agian azken aldiko gertakaririk ezagunena ( orduko eragin mediatikoa kontuan hartuta) 2013ko martxoan leherrarazitako 1300kgr lehergaiena izango da.
Egia da tiro-eremua eraistea Jaizkibelgo erabiltzaileon aspaldiko errebindikazioa dela, mendia ez baita alferrik aisialdiko gune garrantzitsua inguruko herritarrontzat. Baina hori bezain egia da errebindikazioa indarberritu dela Europako Batzordeak 1997an Jaizkibel Batasunaren Intereseko Leku izendatu zuenetik, eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzak 2013an Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuenetik.