#ButtonLIBRE: Asteartean jarraituko du Topatu eta Ernaiko kideen aurkako epaiketak

Topatu.info.- Gaur egin dute Topatu eta Ernaiko kideen aurkako epaiketaren 2. saioa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetu guztiek deklaratu dute, baita Iraitz Salegi Topatuko kazetariaren bi testiguek ere: Asier Lopez Argiako kazetariak eta Ander Perez Berriakoak. Hauek Iraitz Salegi auzipetuarekin duten harremana kazetaritzari lotua dela azpimarratu dute. Salegi Topatu.info-ko kazetaria dela, Euskal Herri mailan ezaguna den hedabidea. Gazte Danbadako ekitaldiari dagokionez, berriz, Salegik ekitaldiaren jarraipena egin zuela azaldu dute, beste kazetari askok egin zuten moduan. Guztiak batera egon zirela, kamera eskuan, ekitaldia grabatzen; honek zuen interes informatiboa handia baitzen.

Arratsaldean, Ertzainen eta Guardia Ziblen txanda izan da. Hauek Gazte Danbadako ekitaldian esandako esaldiekin “ez direla ondo gogoratzen” errepikatu dute behin eta berriro. Gainera, hauetariko asko ez ziren ekitaldian bertan egon. Guardia Zibilen txostenak sarean ikusitako zenbait bideotan oinarritzen dira. Ernaiko kideen akusazioetan ere ez dute ekitaldiaren arduradun zirela edo Gazte Danbadako komunikazioa euren gain zegoela erakusteko froga zehatzik aurkeztu. Ustezko loturak eginaz ateratako ondorioak soilik.

Gaurko saioan ez diote publikoari aretora sartzen utzi eta prentsak ere arazoak izan ditu zuzeneko jarraipena egiteko. Goizean prentsa aretoko pantailan beste epaiketa bat emititzen ari ziren eta gazteen epaiketa jarraitzera joan diren kazetariek ez dute ez bideo eta ez audiorik izan.

Honenbestez, ekainaren 16an, asteartea, 15:30ean emango diote amaiera epaiketari. Defentsak froga gisa aurkeztutako bideoak ikusi eta aztertuko dituzte. Amaitzeko, nahi duenak alegazioak aurkeztu ahalko ditu bertan.

“Terrorismoari gorazarre” egitea leporatuta ari dira epaitzen Ernaiko zazpi kide eta Topatuko Iraitz Salegi kazetaria. Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigorra eta 10 eta 12 urte bitarteko inhabilitazioa eskatu dute haietako bakoitzarentzat. Ernaiko kideek salatu dute “disidentzia politikoa” dela epaitzen ari direna, eta horrelako “erasoek” ez dutela beren borroka etengo.

Zigor eskaeretan argi ikusten da Ernaiko kide izatea ere zigortu nahi dutela: gazte antolakundeko zuzendaritzaren parte izatea egozten dieten sei lagunentzat bi urteko eskaera egin dute, eta urte eta erdikoa gainerakoentzat.

Epaiketako lehen saioan Herri Harresia irudikatu zuten auzipetuek

Maiatzaren 28an zen egitekoa epaiketa, baina gazteek protesta batekin eten zuten saioa. Lehen auzipetuaren deklarazioa amaitu ostean, eserlekuetatik altxatu, epaileari bizkarra eman, Herri Harresia irudikatu eta “Euskal gazteria aurrera!” oihuka hasi ziren. Auzitegi Nazionalaren aginduz aurreko asteetan espetxeratutako zazpi gazte independentisten argazkiak erakutsi zituzten kamisetetan.

Publikoa epaigelatik bota eta auzipetuekin saioa jarraitzeko asmoa erakutsi zuen Angela Murillo epaimahai buruak, baina auzipetuek oihuka jarraitu zuten Poliziak kanporatu arte. Epaiketa eten eta ekainaren 11n jarraitzeko agindu zuten, eta fiskalak eskatu zuen ikertzeko ea desordena publikoak eragin zituzten bai auzipetuek, eta baita ere publikoan zeuden euskal herritarrek.

Etiquetas: