Hezkuntza herritar ororen eskubide indibidual zein kolektiboa da eta norbanakoen garapen integralerako ezinbesteko tresna. Honengatik, Euskal Herriaren garapen kolektiboaren zerbitzuan egongo den Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzea da gure lehentasuna. Herri gisa, estaturik gabeko herria izaki, behar beharrezkoa dugu gure herriaren biziraupenerako zein garapen eta egituratze sozial, politiko, ekonomiko, kultural eta linguistikorako. Bestalde, norbanako gisa, garapen integrala bultzatuz pertsona euskaldun, aske, autonomo, sortzaile, kritiko eta ekintzaileak hezteko; jendartean elkar bizitzeko gai izango direnak.
Era berean, jendarte kohesioaren bidean, eta herri eta norbanakoen garapena uztartuz, hezkuntza interes pertsonal eta kolektiboen arteko dikotomia apurtu eta interes kolektiboak norbere interesekin uztartuko dituen prozesu gisa ulertzen dugu. Norbere duintasuna galdu gabe talde baten partaide sentitu eta horrentzat zein etorkizuneko belaunaldientzat lan egiteko prest azalduko diren pertsonak heziz. Alegia, hezkuntzaren bidez, konpromiso kolektiboa eta auzolanaren garrantzia landu beharra ikusten dugu, norbanakoaren askatasuna eta konpromiso kolektiboa uztartuz.
Honen aurrean hurrengo proposamenak egiten ditugu Irunen:
- -Herriko hezkuntza batzordea sortu, besteak beste, herri hezkuntza programa herrira egokitzeko.
- -Irungo ikastetxe desberdinetako hezkuntza kurrikulumetan herriko ondareen ezagutza era sistematikoan txertatzeko aukera sortu behar da.
Udalaren betebeharra ondare horien kudeatzaile aditu eta ikastetxeetako
arduradunen arteko elkar ezagutza eta koordinazioa bultzatzea izan behar du.