#ButtonLIBRE: Fiskalak Topatu eta Ernaiko kideen aurkako zigor eskaerak mantendu ditu

Topatu.info.- Maiatzaren 28an hasi zen Topatu eta Ernaiko kideen aurkako epaiketa eta hiru saio egin ostean gaur amaitu da. Fiskalak bere zigor eskaera mantendu du eta defentsak auzipetuen absoluzioa eskatu du.

Bi aldeek frogak aurkeztu dituzte gaurko saioan. Iraitz Salegiren defentsak ekitaldi baten berri emateak “ezin duela delitua izan” azpimarratu du, eta Salegik eginiko kazetari lana ABCk eginez gero ez litzatekeela delitua izango. Gainera, Gazte Danbadako ekitaldiak interes informatibo handia zuela eta komunikabide asko zeudela bertan azaldu du. Beraz, Salegi bere lana egiten ari zela beste asko bezala. Horrez gain, informazioa manipulatu izana ere egozten dio akusazioak, eta honen aurrean, iraupen luzeko ekitaldi baten bideoa egiteko laburtzea ezinbestekoa dela argitu du, eta “laburtzetik manipulatzera alde handia dagoela” gaineratu. Azkenik, Iraitz Salegi kondenatzeko nahiko froga ez dagoela eta Salegiren absoluzioa eskatu du.

Terrorismoari gorazarre egitea leporatuta epaitu dituzte Ernaiko zazpi kide eta Topatuko Iraitz Salegi kazetaria. Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigorra eta 10 eta 12 urte bitarteko inhabilitazioa eskatu dute haietako bakoitzarentzat.

Epaiketako 1. saioa, maiatzak 28
Lehen auzipetuaren deklarazioa amaitu ostean, eserlekuetatik altxatu, epaileari bizkarra eman, Herri Harresia irudikatu eta “Euskal gazteria aurrera!” oihu artean eten zuten epaiketa auzipetuek. Auzitegi Nazionalaren aginduz aurreko asteetan espetxeratutako zazpi gazte independentisten argazkiak erakutsi zituzten kamisetetan.

Gazteak protestan ari zirela, publikoa epaigelatik bota eta auzipetuekin saioa jarraitzeko asmoa erakutsi zuen Angela Murillo epaileak, baina auzipetuek oihuka jarraitu zuten Poliziak kanporatu zituen arte. Honela, epaiketa eten eta handik bi astera jarraitzeko agindu zuten, eta fiskalak eskatu zuen ikertzeko ea desordena publikoak eragin dituzten bai auzipetuek, eta baita ere publikoan zeuden euskal herritarrek.

Epaiketako 2. saioa, ekainak 11
Ostegunean egin zuten Topatu eta Ernaiko kideen aurkako epaiketaren 2. saioa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaiketa hasi orduko auzipetu bakoitza salaren punta banatan jarri zuten, Angela Murillo epaimahai buruaren hitzetan, iragan aldiko “gertaera tamalgarria” ez errepikatzeko. Publikoari ere ez zioten aretora sartzen utzi, eta prentsak ezin izan zuen epaiketa jarraitu goizeko saioan.

Auzipetu guztiek deklaratu zuten, baita Iraitz Salegi Topatuko kazetariaren bi testiguek ere: Argiako Asier Lopez eta Berriako Ander Perezek. Topatu.info Euskal Heriko komunikabide ezaguna dela azaldu zuten, eta sarritan aritzen direla elkarlanean. Gazte Danbadako ekitaldiari dagokionez, berriz, Salegik ekitaldiaren jarraipena egin zuela azaldu dute, beste kazetari askok egin zuten moduan. “Urte horretan gazte mailan egin zen ekintza garrantzitsuena izan zen Gazte Danbada”, azaldu du Lopezek, jaildiak nahikoa interes informatibo zuela argudiatuz.

ERTZAINEN KONTRAESANAK
Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren testiguek ere deklaratu zuten. Ertzainek bideokonferentziaz egin zuten, eta gatazkak sortu zituen bide horrek. Izan ere, testiguek ezin dute elkarren artean hitz egin deklaratu ostean, eta bat atera eta bestea sartzen zenerako minutu ugari pasatzen ziren. Gainera, testiguek memoriaz egin behar dute deklarazioa, eta haietako batek apunteak izan zituen begi bistan, defentsa kexatu zen arte. Beste ertzain bati ere nabarmen antzematen zitzaion mahai azpian apunteak zituela gordeta.

Gazte Danbadan paisanoz egon zirela ziurtatu zuten bost ertzainek hartu zuten hitza. Guztiek gertaeran antzeko bertsioa kontatu zuten, baina gauza askotaz ez omen ziren oroitzen. Esaterako, ekitaldian izan zirela esan zuten bi poliziek azaldu zuten bukaeran Eusko Gudariak soilik abestu zela, eta ez zen horrela izan. Zutik Emakumeak eta Internazionala ere kantatu zituzten bertaratutakoek. Beste batek azaldu zuen dantzari batek ere hartu zuela parte, eta zuriz eta gorriz jantzita egin zuela dantza. Aldiz, dantzariak Ernaiko kamiseta more bat eta fraka beltzak zeramatzan soinean. Beste batek ziurtatu zuen Urduñan sartzeko 45 euro ordaindu behar zirela, eta errealitatean ez zen horrela izan. Kontzertuetara eta akanpalekura sartzeko soilik erakutsi behar zen pultsera. Hain zuzen, azaldu zuen beraien nagusiak eman ziela pultsera hori, laranja kolorekoa. Errealitatean, ez zen kolore horretako pultserarik egon jaialdian.

Hanka sartze horiekin guztiekin eta gehiagorekin, defentsak zalantzan jarri zuen deklaratu zuten ertzainak Gazte Danbadan egon izana. Izan ere, instrukzioa ireki zuen ertzain buruak ez zituen polizien identifikazio zenbakiak jarri hasierako txostenean, urte bat beranduago gehitu zituen.

ERNAI ZELATATZEN?
Ertzainen deklarazioetan, beste kontu batek ere deitu zuen defentsaren atentzioa. Deklaratu zuten poliziak Ikerketa Sailekoak izan ziren, eta azaldu zuten Gazte Danbadara joan zirela orokorrean Ernaik egiten zuena ikertzera, ez euskal preso baten heriotza salatzeko ekintza bat zegoelako. “Bertara iritsi ginenean manifestazio batekin egin genuen topo, aurretik ez genuen ekintza horren berri”, azaldu zuten hiru ertzainek. Defentsak kezka azaldu zuen jokabide horren inguruan: “Ertzaintza Ezker Abertzaleko taldeak jarraitzen eta ikertzen aritzen da ustezko delitu posiblerik ez dagoen kasuetan ere? Ohiko jokabidea da hori?”.

POLIZIA NAZIONALA ETA GUARDIA ZIBILA
Polizia nazionalek eta guardia zibilek ere hartu zuten hitza, lehenengoek testigu bezala eta bigarrenek perito bezala. Iruñetik egin zuten bi polizia nazionalek, bideokonferentziaz, oso labur. Azaldu zuten auzipetuetako bat zela itxi zuten www.ernaiantolakundea.org webguneko administratzailea, eta bera zela eduki guztiak igo eta kudeatzeaz arduratzen zena. Defentsak argitu zuen horrek ez zuela zertan horrela izan, pertsona horrek zerbitzaria kontratatu besterik ez zuela egin, horren frogak soilik dituztela. “Erabiltzailea eta pasahitza zuen edonork kudeatu zezakeen webgunea, ezta?”, galdegin zion defentsaren abokatuak poliziari. Iritzi pertsonalarekin erantzun zion poliziak, frogarik gabe.

Guardia Zibilak, aldiz, epaigelan bertan izan ziren, eta egindako txostena defendatzen ahalegindu ziren. Azaldu zuten Gazte Danbadan ez zela beraietako inor egon, eta txostena Internetetik (prentsatik zein sare sozialetatik) jasotako datuekin osatu zutela. Hau da, edozein herritarrek egin zezakeen lana egin zutela, inongo ikerketa berezirik egin gabe.

Txostenak bi bloke jasotzen ditu: Gazte Danbadaren ingurukoa eta jaialdi horren ustezko antolatzaileak identifikatzeko egiten duten lana. Gazte Danbadan gertatu zena kontatzeko, Topatuk egindako bideoak aztertu zituzten, besteak beste. Defentsak galdetu zien ea hori egiteko ikasketarik duten edo teknika berezirik erabili zuten, eta ezetz erantzun zion guardia zibil batek. Izan ere, abokatuek behin eta berriz salatu izan dute guardia zibilak ezin direla peritoak izan, ez direlako alor zehatzetako profesionalak. Bestetik, txostenean esaten dute Ernaik bere webgunean iragarri zuela Xabier Lopez Peñaren heriotza medio jaialdiko egitaraua bertan behera utziko zuela, eta herritarrak bere “erailketa” salatzera deitu zituela. Errealitatean, ordea, egitarauan zehaztutako ekitaldi politikoa, kontzertuak etab. aurrez zehaztutako leku eta ordu berean gauzatu zituzten. “Kontzertuak ere bertan behera gelditu ziren”, adierazi zuen guardia zibil batek, eta, kontraesanaz jabetuta, esandakoa zuzendu zuen minutu batzuk geroago, erratu zela aitortuz. Aipatutako oharraren inguruan, aldiz, ez zuten inongo frogarik aurkeztu, ustezko ohar horretako esaldi bat bakarrik.

Txostenaren bigarren zatian, aldiz, jaialdiaren antolatzaileak nortzun izan zitezkeen ondorioztatzeko ustezko frogak jasotzen dira: prentsatik hartutako argazkiak eta albisteak. “Ezker Abertzalean ohikoa da aurpegia ematen dutenak izatea taldeetako zuzendariak”, azaldu zuen batek. Izan ere, Gazte Danbadaren aurreko hilabeteetan prentsa aurrean ustez Ernairen izenean agertu izanagatik soilik daude inputatuta auziko bi gazte. Ustezko froga horietako gehienak Ernai oraindik sortu gabe zegoeneko agerraldiak dira, 2013ko martxoaren 2a baino lehenagokoak, eta defentsak argudiatu zuen une hartan ezinezkoa zela inork Ernairen izenean hitz egitea, antolakundea ez zelako existitzen.

Alde guztiek deklaratuta, froga guztiak ikusi, informeak plazaratu eta alegatoak eta eskaerak egitea geratzen da soilik. Asteartean, ekainak 16, izango da azken saio hori, 15:30ean Madrilen.

Etiquetas: