Kalapiek Gipuzkoako Foru Aldundiari bidegorri sarearekin hartutako konpromisoak gogorarazten dizkio

Albiste kezkagarriak jaso ditugu. Probintziako Administrazioa 2016rako aurrekontuak prestatzen ari den une honetan, Kalapiek aurrea hartu nahi du kezkatuta dagoela eta Gipuzkoako Bizikleta Bideen Sarea osatzeko Planaren exekuziorako baliabideen esleipenean egin daitezkeen murrizketa handiagoak errefusatzen dituela adierazteko. Era berean, administrazioari eskatzen dio 14,7 milioi euro inguruko urteko inbertsio osoa bere gain hartzeko, orain dela bi urte onartu zen Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean (GBBLPS) programatutako bi laurtekoetan bizikleta bideen sarea osatu eta amaitzeko konpromiso mantentzearren.

Proposatzen den murrizketarekin, inbertsioa 2 milioi euro ingurukoa izango litzateke eta, inbertsio-erritmo horrekin, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Sarea osatzeko Planaren exekuzioa gutxi gorabehera 50 urtera luzatuko litzateke. Hori onartezina da.

Osasunaren Mundu Erakundeak egin berri duen azterketaren ildotik, hainbat haragiki jatea minbiziarekin erlazionatzen duena, gogora ekarri nahi dugu, 2012an, organismo horrek berak adierazi zuela diesel autoen keak biriketako minbizia eta, seguruenik, maskuriko minbizia eragiten dituela eta kutsatzaile haren arriskua maila gorenera igo duela: zalantzarik gabe minbizia eragiten duten agenteena (esaterako, izpi ultramoreak, amiantoa, tabakoa, etab.).

Harrigarria iruditzen zaigu bi txosten horiek hedabideetan izan duten oihartzun desberdina, ia inor ez baitzen ohartu keari buruzko txostenaz. Haragia jatea edo ez jatea aukera bat da, baina ke kutsatua arnastea inposizio bat da.

Kalapiek gure politikariei kutsatzen ez duten garraiobideak sustatzeko eta hirian (batik bat, ikastetxe eta ospitaleak bezalako zona berezien inguruan) motordun ibilgailuen zirkulazioa nahitaezko minimoetara murrizteko arau argiak eskatu nahi dizkie.

Krisi ekonomiko eta ingurumen krisi larria jasaten dugun une honetan, bizikletak lehen mailako rola joka dezake klima aldaketaren aurkako borrokan eta ingurumenaren zaintzan; hortaz, administrazioak aukera bikaina du argi erakusteko bizikleta mugikortasunean konfiantza duela eta garraiobide iraunkor zein osasungarriagoen alde apustu egingo duela.

Etiquetas: