Entzutegi Probintzialaren epaiari premiazko erreakzioa

logo

IRPHaren BALIOGABETZEA ATZERA BOTAZEN DUEN ENTZUTEGI PROBINTZIALAREN EPAIAREN AURREKO PREMIAZKO ERREAKZIOA

EPAIAK EZ DU ARGUDIO SENDORIK ERABILTZEN ETA ONARTZEN DU IRPHak ZALANTZA LARRIAK SORTZEN DITUELA ETA KONPLEXUA DELA. ENTITATEEK IRPHan NOLABAITEKO ERAGINA IZAN DEZAKETELA ERE ONARTZEN DU

PLATAFORMAK USTE DU BESTE 30 EPAIAK BAIEZTATUAK IZAN DAITEZKEELA, ETA EDOZEIN MODUTAN AUZITEGI GORENERA
ETA EUROPAKO EPAITEGIETARA IRISTEKO PREST DAGO

Gaur ezagutu den epai baten bitartez, Gipuzkoako Entzutegi Probintzialak IRPHa baliogabetu eta Kutxabank bidegabe kobraturikoak itzultzera zigortzen duten 30 epaitetatik lehena atzera bota du.

Premiazko erreakzio honen bitartez, IRPH Stop Gipuzkoa plataformak indize hauek kalteturiko milaka familiei itxaropenerako mezua luzatu nahi die. IRPHaren baliogabetzea, lapurturikoa itzultzea eta desjabeturiko etxebizitzak berreskuratzea helburu duen borrokak aurrera darrai, eta IRPH Stop eta Kaleratzeak Stop plataformen talde juridikoa, Maite Ortiz eta José María Erauskin buru duela, jadanik lanean dabil bide judizialarekin jarraitu eta Epaitegi Gorenera edota Europako epaitegietara ere iristeko.

Epaiaren lehen irakurketa batetan, azpimarragarria egiten da Kutxabanken helegitea ez dela guztiz onartua izan, eta Entzutegi Probintzialak onartzen duela gaiak zalantza larriak sortzen dituela eta berria eta konplexua dela.

Onartezina da Entzutegi Probintzialak, gaiak zalantzak sortzen dizkiola onartu ondoren, kontsumitzailearen aurkako epaia ebaztea, kontsumitzaileek sinaturiko kontratuetan abusuzko klausulen inguruko 93/13/CEE Direktiba urratzen baitu. Europako direktiba horrek argi ezartzen du zalantzarik izan ezkero beti kontsumitzailearen alde egin beharra dagoela. Gainera, Entzutegiak zalantzak dituenez arrazoizkoena Merkataritza Arloko Epaitegiak esandakoa berrestu izana litzateke, gaian aditua baita. Gogoratu behar da Gipuzkoan Entzutegi Probintziala ez dagoela merkataritza arloan espezializatua.

Epaiak dio IRPH Cajas indize ofiziala zela, eta hori ez dute sekula ukatu kaltetuek. Gainera, kaltetuen argudio asko gezurtatu gabe baztertu egiten ditu, salaketan ez zeudela eta aurretiko bistan zehar gehitu zirela ulertzen baitu. Merkataritza Arloko Epaitegiak emandako eta Kutxabankek helegitea jarritako beste 30 salaketek argudio askoz gehiago dituzte, eta beraz oso litekeena da Kutxabankek errekurritu zituen beste 30 epaien kasuan Entzutegi Probintzialak epaiak berrestea.

Bestalde, epaiak dio ez dela frogatu entitateek IRPHarengan influentzia izan dezaketenik, baina horren segidan onartzen du nolabaiteko eragina izan dezaketela. Gauza bat eta bere aurkakoa esate hau guztiz onartezina da. Nolabaiteko eragina izan badezakete, bistan da influentzia izan dezaketela, eta ondorioz banketxeek indize hori inposatzea abusuzkoa eta indarrean dagoen legediaren aurkakoa da.

Entzutegi Probintzialaren jokaeran zalantzak dakusatzagu, eta suposatzen dugu presio handiak izan dituela batere argudio sendorik gabeko epai hau ebazteko.

Arlo politikoan, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak hausnarketarako deia egiten die Kutxabanken jokaeraren erantzule diren PNV, PSE eta PP alderdiei. Herritarron aurrezkiekin eta helburu sozial batekin sorturiko gure aurrezki kutxak hartu duten bidea onartezina da. Gupidarik gabeko banketxe bat da gaur egun Kutxabank, eta herritarrek epaitegietara jo behar dute babes eske. Onartezina da epaitegietako borroka horretan Kutxabankek bere makineria guztia herritarren aurka abian jarri eta epai guztiei helegiteak jartzea, zalantza larriak sortzen dituen gaiak justifikatzen saiatuaz.

Etiquetas: