AHTren aurkako mendi martxa kronika

Mendi Martxa (Atxondo)AHT GELDITU ORAIN! Lelopean ehundik lagun gora Atxondoko Mendi Martxan, berriz ere, AHTrik ez dugula nahi aldarrikatzeko. Goizeko 10etan Apatamonasterioko plazatik Urkitxebaso aldera abiatuta, herria erdibituko lukeen zubitzarra eraikiko litzatekeen gunera abiatu dira AHTaren aurkako 150 ibiltari.

Zahar, gazte eta umeak, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorriak, guztiak AHTari aurre egiteko. Giro ezin hobean eta eguraldi bikainarekin, bertakoen azalpenak entzuteko aukera izan dute etorritakoek ibilbidean zehar, horretarako prestatutako informazio-panelekin lagunduta, planoak, argazkiak eta dokumentu ezberdinak jasotzen zituztenak. 1,7 km. luzeran eta 87 metro garaieran izango lituzkeen zubitzarra egin nahi duten lekutik Arteaga edo Artia auzora egin dute bidea mendizaleek, Abadiñoko mugan. Bertan Gerediaga-Elorrio autobideko obrak ikusteko parada izan dute, herrian eragin handia sortzen ari direnak eta irregulartasunez josita egon direnak hasi zirenetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik.

Elorrioko mugara arte jarraitu ostean, han ere autobideko lanak ikusita eta AHTa igaroko litzatekeen lekutik gertu, Apatamonasterioko plazara itzuli da ibilaldia. Bazkalordura arte, trikitilariek lagunduta tabernetan eta kaleetan zehar osteratxoa egin eta, herriko plazan herri bazkaria egin ostean, musikaldia eta ekitaldia egin dute.

Mezua, ozen eta garbia: AHT GELDITU ORAIN! Xahuketarekin amaitu dezatela, dirua benetako gizarte premietara bideratu dezatela, herritarren hitza errespetatuta. AHT Gelditu Orain! Manifestuaren baitako kanpainan honez gero dozenaka gizarte eta kultura eragilek adierazi dute beraien atxikimendua eta, Atxondotik ere, beraiekin bat egiten dugu, deialdi berezia luzatuaz Euskal Herriko txoko guztietatik milaka eta milaka lagun bat gin dezaten ekainaren 13an Donostian egingo dugun manifestazio nazionalera.

Etiquetas: