Orain dela 80 urte beren etxeetatik alde egin behar izan zuten pertsonek ez zuten hiriko sutearengatik alde egin, estatu kolpearen ondorioz baizik

Irungo Udalak ostiral honetan, irailaren 2an, Zubi zaharrean egingo duen “orain dela 80 urte hiriak su hartu zuenean beren etxeak utzi behar izan zituztenen oroimenezko” ekitaldiaren aurrean, hauxe adierazi nahi du “Nicolas Guerendiain” Irungo Errepublikarrak Elkarteak: Orain dela 80 urte beren etxeetatik alde egin behar izan zuten pertsonek ez zuten hiriko sutearengatik alde egin, legez ezarritako II. Errepublikaren aurka uztailaren 18an izan zen estatu kolpearen ondorioz baizik.

Ehunka irundar izan ziren gerraren azken egunetan Irunen 1936. urtean muga gurutzatu zutenak, hirian sartu zen faxismoaren basakeriatik eta errepresiotik ihes egin nahian.

Pertsona haientzat guztientzat iraingarria iruditzen zaigu “hainbat arrazoirengatik inoiz etxera itzuli ezin izan ziren pertsonez” hitz egitea, ekitaldiaren deialdian irakur daitekeen bezala.

Oso arrazoi garbi bat zegoen beren etxeetara ezin itzuli izateko. II. Errepublikaren balio demokratikoen defentsa, 40 urtez iraungo zuen erregimen faxistak desagerrarazi berri zituen balioak, hain zuzen ere.

Sutearen aurretik, Irungo biztanleek hiria defendatu zuten estatu kolpearen aldeko armadaren aurrean, eta askok bizia utzi behar izan zuten borroka hartan. Gogora ditzagun Pikoketan 1936ko abuztuaren 11n hildako pertsonak, Evaristo Larrañaga, Florencio Iratxeta, Nicolás Guerendiain, besteak beste, faxistak hirian sartu zirenean erbesteratu behar izan zutenez gainera. Haietako asko adin txikiko neskatoak eta mutikoak.

Ez zaigu serioa iruditzen Udalak esatea goi mailakoen etxeak desagertu zirela sutearen ondorioz, eta muga gurutzatu zuten pertsonen etxeetan izan ziren arpilatzeak aipatu ere ez egitea. Itzuli zirenean, itzuli ahal izan zirenek, guztiz arpilatuak, hutsik, aurkitu zituzten beren etxeak. Zituzten ondasunen eta gauzen arrastorik ez zen gelditzen; altzariak, arropa eta beste. Erregimenaren aldekoak izateagatik hirian gelditu ziren auzokoen etxeetan ikusi zituzten haiek guztiak, eta noski, ezin zituzten berreskuratu, ezta berenak zirela esan ere.

Konfiskatzeak, isunak, errepresioa, hilketak ... Jakina badakigula Irungo herritarrek zergatik gurutzatu behar izan zuten zubia, baina badirudi gaur egun oraindik, 80 urte igaro ondoren, egia esateko beldur garela, edo beharbada ez zaigu interesatzen.

Era berean, ez ditugu ahantzi nahi Gestapok 1940ko abuztuaren 29an Francoren erregimenari entregatu ondoren zubia gurutzatu zuten eta gero fusilatu zituzten beste pertsonak, Lluis Companys, Generalitateko presidentea, esate baterako.

Guk Egia, Justizia eta frankismoaren biktimen Erreparazioa eskatzen jarraitzen dugu, eta biktima horien artean daude 1936ko irailean zubia gurutzatu behar izan zuten herritar guztiak.

Irungo Udalari gogorarazi nahi diogu frankismoaren krimenen aurkako Argentinako Kereilaren aldeko mozioa onartu zuela 2012ko abenduaren 26an eta uste dugu hori ez dela bakarrik bozkatzea eta sinadura jartzea, baizik eta araberan jokatu behar dugula.

“Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarrak

Etiquetas: