Metro gelditzeko Donostiako Bizilagunen eta elkarteen batzarra.- Donostiako Metroaren igarobidearen proiektua gelditzearen aldeko “satorralaia” bizilagunen mugimendua Eneko Goia alkatearekin bilduko da datorren otsailaren 9an, asteartearekin, hain zuzen ere Donostiako udalari bizilagunen egonezina helarazteko eta auzi honetan gizarteak erabakietan parte hartzeko aukera izan dezan, hiritarrak kontsultatzeko konpromezua har dezan eskatzeko. Eneko Goiarekin hitzartu dugun bileraren berri emateaz gain, hamarnaka lagunek elkarretaratzea egin dugu gaur, azken egunotan Donostian hasi dituzten Metroaren egitasmoko zundaketa geoteknikoen lanak geldiaraz ditzaten berriro eskatzeko.
Eneko Goia alkatearekin datorren asteartean egingo dugun bilerak bizilagunen mugimendu honek joan den urtarrilaren 13an Udaletxean egindako eskaerari erantzuten dio. Bilera horren bidez hiriari bete-betean eragiten dion afera honen inguruan herritarren artean dagoen ezinegona helarazi nahi diogu, baita gizarteak erabakietan parte hartzeko bideak irekitze aldera, Udalak eztabaida publikoa sustatzeko eta hiritarrak kontsultatzeko konpromezua har dezan eskatu ere. Finean, gai honek hiriko bizilagun guztientzat duen garrantzia dela eta, Eneko Goiari Donostialdean garraio publikoaren irtenbiderik egokiena izan daitekeenari buruz eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat irekitzeko dagoen beharra helarazi nahi diogu. Udalak baditu mekanismo nahikoak hori aurrera eraman ahal izateko. Halaber, gure deia Ana Oregi sailburuari ere zuzentzen diogu, nahiz eta bizilagunen mugimendu honek berekin biltzeko egindako eskaerak ez duen oraingoz erantzunik jaso.
Esan bezala, hamarnaka lagunek elkarretaratzea egin dugu gaur goizean Metroaren proiekturako azken egunetan hiriko zenbait tokitan hasi dituzten zundaketa-lan geoteknikoak bertan behera uztea eskatzeko. Orain da unea lan horiek gelditu eta informazioa zabalduz gizarteko taldeekin nahiz bizilagunen elkarteekin iritziak trukatzeko. Honi dagokionean, ulertezina da Eusko Jaurlaritzak Metroaren auzian parte hartze publikorako eskubidea zeharo urratzen duen bidea hartu duela ikustea: besteak beste, herritarrek aurkeztutako ehundaka alegazioei ez die erantzunik ere eman, eta hori Arartekoak argi eta garbi ebatzi izan duenean Administrazioa behartuta dagoela hala egitea. Herritarrei adi egoteko eta Metroaren proiektuaren ibilbidean edozein lan ikusiz gero, bizilagunen mugimendu honi abisatzeko dei egiten diegu beraz, lan horien geldiarazpena eskatzeko.
Bukatzeko, atentzioa eman digute Ana Oregik joan den astean Donostian egindako adierazpen nahasgarriek. Batetik, Metroaren erabiltzaileak urtero 16 milioi bidaiari izango liratekeela esan zuen: bada, zifra hori 2014 urtean bere agindupean egindako “eskari azterketan” aurrikusitakoak baino 8 milioi gutxiago da, edota Iñaki Arriola sailburuak 2013an iragartzen zituen ustezko 33 milioi bidaiarien kopuruaren erdia. Hortaz, zer sinesgarritasuna du guzti horrek? Bestetik, Anas Oregik Donostian Metroa eraikitzeko proiektuaren zentzugabekeria zuritu asmoz, auto pribatuen erabilera gutxituko lukeela aditzera eman zuen; baina azterketa guztiek ateratako ondorioekin kontraesanean dago hori: izan ere, Metroak bidaiariak beste garraio publikoen erabiltzaileen multzotik bereganatuko lituzkeela ondorioztatu dute horiek (bereziki Dbus eta Lurraldebusi bidaiariak kenduz), eta ez ordea ibilgailu pribatua erabiltzen dutenen multzotik. Garraioen arloan badira gainera Metroaren igarobidea baino eraginkorrago eta kostu ekonomiko askoz ere txikiagokoa duten alternatibak: egungo garraio publikoko sare osoaren aprobetxamenduan eta Topo-Bus zerbitzuen arteko aldaketa puntuak sortzean oinarritzen dira horiek.
Bizilagunen mugimendu honek informazioa zabaltzen eta mobilizatzen jarraituko du beraz, Metroaren igarobidearen proiektua gelditzeko eta Donostialdean garraio publikoaren inguruan irtenbiderik egokiena izan daitekeenari buruz eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat irekitzeko.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1032 irakurketak
- Castellano