Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen existentzia 50 urte baino gehiagoko borrokaren ondorioa da, espainiar eta frantziar estatuen zapalkuntza nazional eta sozialari aurre egiteko herri baten borrokarena alegia.
ETA frankismo garaian sortu zen diktaduraren basakeriei aurre egiteko adierazpen politiko gisa eta, bere jaiotzarekin batera, herri sektore ezberdinek Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoaren alde lanean ariko zen herri mugimendu iraultzaile zabala izango zenaren oinarriak eraikitzen hasi ziren.
Ordutik hona asko izan dira nazio askapenerako bidean emandako urratsak arlo kulturalean zein langile frontean, lorpen orokorra izanik espainiar eta frantziar inperialismoaren indarkeriaren ondorioz desagertzear zegoen euskal kontzientzia nazionalaren biziraupena bera borrokaren bitartez bermatu izana.
Alabaina, Euskal Herri Langilearen borroka eta askatasun grina handituz zihoazen heinean, are eta bortitzagoa izan da estatuen partetik eratorritako errepresioa. Borroka armatuan eta baita kale borrokan aritutakoak ere kolpatu dituzte gogorren estatuen okupazio indarrek, baina baita bizitzaren beste edozein esparrutan Euskal Herriaren askatasunaren alde aritutako adierazpen politiko, sozial eta kultural guztiak ere. Atxiloketak, torturak, bahiketak eta erailketak militante klandestinoekin hasi eta egunkarietako langile, gazte asanbladatako kide eta internazionalismoa lantzen zutenengana hedatu dituzte, besteak beste.
Borroka armatuaren amaieratik 5 urte betetzen direnean, oraingoz herri zapaldua izaten jarraitzen dugu, ia 400 preso politiko eta hamarka iheslari eta deportatu izaten jarraitzen dugu. Preso askoren osasun egoera larritasun handikoa da, iheslari askoren bizi baldintzak penagarriak dira eta deportatuak bizi osorako zigorra bilakatu den eta erbestean hil arte egotera kondenatzen dituen linbo legalean bizi dira, ahaztu gabe oraindik 35 urteko espetxe ibilbidea egiteke geratzen zaienak.
Guztioi dagokigu egoera hauei behin betiko irtenbidea ematea, eta amnistia, gatazkaren sustraietan dauden arrazoien konponketa bezala ulertuta, izango da errepresaliatu politiko gehiagorik ez gaur, ez etorkizunean ere, ez egotea bermatuko duen alternatiba bakarra.
Horregatik, Euskal Herriari azaroaren 26an, arratsaldeko 6etan Bilboko Bihotz Sakratutik amnistiaren alde abiatuko den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia luzatzen diogu, eta oso era berezian modu batean edo bestean Euskal Nazio Askapenaren Mugimenduaren baitan borrokan aritutako gizon eta emakume guztiei. Ez da etxean gelditzeko garaia, kalera irten, antolatu eta borroka egitekoa baizik! Jo ta ke amnistia eta askatasuna lortu arte!
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 952 irakurketak
- Castellano