Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak bere iritzia eman nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak Batzar Nagusietara bidalitako Aurrekontu-proiektuari buruz

Plkarren segidako bigarren urtez ikusi dugu, zoritxarrez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bizikletari garrantzi gutxi ematen diola gure lurraldeko aurrekontuak prestatzeko garaian.

Aurten, 2016an, onartutako aurrekontuekin mende honen hasierara atzera egin badugu (ikusi grafikoa), 2017. urterako inbertsioen beherakada are handiagoa proposatzen digute, bai bizikleta-azpiegituretan bai bizikletaren sustapenean.

Jarrera hori ez dator bat ez bizikleta-bideak geroz eta gehiago erabiltzen dituzten hiritar anitzen eskakizunekin, ez Parisen sinatutako Klima Aldaketari buruzko Akordioekin, ez Aldundiak berak egiten dituen propaganda-diskurtsoekin, hau da, Europari begira, mugikortasunaren ikuspegitik iraunkorra den lurralde bat eraikitzea.

Gure bizikleta-azpiegiturek ez dute aurrera egiten. Txirrindulari europarrek, Frantziako bizikleta-bideak korritu ondoren Donostiara iristen saiatzen direnean, ikusten dute zein zaila den haraino ailegatzea. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak oraindik ez du aurreikusi nondik joan beharko litzatekeen Irun Errenteriarekin lotuko lukeen bizikleta-bidea.

Urrun gelditzen da 2013. urtea, batzar-talde guztiek aho batez Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala onartu zutenean, plana 8 urtetan eta urteko hamalau milioi euroko inbertsioekin gauzatzeko konpromisoa hartuta. Horrela bete nahi al ditugu Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak aho batez onartu zuen 2011-2012 Gipuzkoako Bizikletaren Estrategiaren helburuak? Hau bai iruzurra! Zelako mespretxua txirrindulari guztiekiko!

Aldundiari eta gainerako alderdi politikoei onartutakoa betetzeko besterik ez diegu eskatzen, kontuan hartuta bizikletan inbertitzea bizitzaren oinarrizko alderdietan (hots, osasuna, ekonomia, ingurumena, energia, denbora, eta abar) inbertitzea dela.

Bizikletarekin erlazionatutako Gipuzkoako Foru Aldundiaren inbertsioak, 2017. urterako aurreikuspena barne:

Etiquetas: