Antxeta Irratia, 15 urtez, Uhinak Orrazten

Antxeta Irratia.- Hamabost urteko ibilbidea ospatzen ari da Behe Bidasoa eskualdeko Antxeta Irratia. 2001.urtean, Pausumedia eta Entzun Ikus (Gure Irratia) elkarteek sorturik, Hendaia, Irun, Urruña, Biritu eta Hondarribiko eskualdea batzen dituen irrati elkartea bere unerik oparoena bizitzen ari da une hauetan.

    Gipuzkoa eta Lapurdi elkartzen dituen eskualdean, komunikabideen esparrua eta baita bertako jendartea bera, are gehiago euskalduntzeko asmoarekin jarri zuten martxan irratia orain dela hamabost urte, Entzun Ikus eta Pausumedia elkarteek. Hedabide arrunt bat gehiago jarri zuten abian, komunikabideen munduko hirugarren sektoreari zabaldu baitzioten atea. Irrati komunitario bat baita Antxeta Irratia. Bere komunitatearekin eta komunitatearen zerbitzura lan egiten duen irratia hain zuzen.

    Lan talde eta laguntzaile sare handi bati esker, eguneroko programazioa ekoizteaz gain, bestelako hainbat jarduera ere burutzen ditu irratiak, bere herritar izaerarekin bat egiten dutenak. Hala, hedapen eremuko jendartearen ezaugarriak identifikatu, eta urteak dira lau ardatz edota norabideeren bueltan lanean diharduela irratiak. Hots, hedabide soil bat baino gehiago da Antxeta Irratia, eragile ere badelako, bereziki ondoko lan/aldarrikapen eremuetan: eskualdea are gehiago saretzen, euskararen aldeko normalkuntzan, berdintasun arloan eta etorkinen inklusioa sustatzen.

    Proiektu bereziak burutzen ditu Antxeta Irratiak lan ildo hauen bueltan, eta ekoizpen bereziak sortzen ditu, programazioa eta jarduera osagarriak elkar elika dezaten.

    Urteurren berezi honen plangintza, lau norabide hauen bueltan diseinatu dugu, urtarriletik ekainera bitarte. Mahain inguruak, topaketa gastronomikoak, euskararen aldeko bestak, erakusketa bereziak eskualdeko artistekin, kontzertuak, aldizkari berezi bat… lantzen ari gara, “Uhinak orrazten” lemapean. Hori bera baita, irratiaren eguneroko erronka. Uhinen bidez, eskualdea orraztea, tokiko jendartea saretzea, euskara sustatzea edota jendarte parekideago bat aldarrikatzea, besteak beste.

    Ospakizun kanpaina iada abiatu bada ere, otsailaren 18a da, urteurreneko data zehatza. Ostegun honetan betetzen baititu Antxeta Irratiak hamabost urte zehazki. Hala, aipaturiko ekintzez gain, abesti bat ere ekoiztu dugu “Luz de Putas”taldearekin batera.

    Kantuaren aurkezpena, eta urteurren kanpainaren irekitze ofiziala, otsailaren 26an eginen ditugu arratseko 20:00etan Xaia ostatuan. Bertan, irratiaren bueltako laguntzaileak batzea eta eskualdeko bizilagunak elkartzea da helburua, momentu goxo bat pasatzeko.

    Irrati komunitario gisa, ibilbide oparoa betea du iada Antxeta Irratiak, baina bide luzea du egiteko oraindik ere. Gaur egun, Euskal Herriko Arrosa sareko kide izateaz gain, eta Euskal Irratiak federazioko laugarren zangoa izateaz gain, AMARC-eko kide ere bada Antxeta (Asociacion Mundial de Radios Comunitarias). Gainera, Europako zuzendaritza markoan, hizkuntza gutxituen ardura ere badu Antxeta Irratiak.

    Bereziki, etorkizunera begira ospatu nahi du Antxeta Irratiak 15.urteurrena. Izendaturiko jarduerez gain, ospakizun hilabete hauetan, hedapenean ere aurrera urratsak emanen ditugu, bai FM-an eta baita internet bidez ere. Hori baita irratiaren funtzioa, gertuko informazioa euskaraz eskaintzea egunerokoan.

Etiquetas: