Lakaxitako kideok San Miguel-Anaka hiri antolaketa berezian dugun lekua edo hobe esanda, leku eza salatu nahi dugu. Izan ere, San Miguel-Anaka hiri antolaketa plan bereziaren lehen proposamena 2012an onartu bazen ere, eta bigarren moldaketa aurreko ostiralean baietsi, Anaka kaleko 20 zenbakian kokatzen garenok ez dugu inolako informaziorik jaso urte guzti hauetan zehar, ez eta are gutxiago ere proiektuaren nondik norakoetan gure integrazioa edota kontsiderazio hutsa bilatu.
Planaren azken bertsioan Lakaxita kokatzen den lekuan lorategi bat jartzea planteatzen da, egungo Lakaxitaren lursail berde zabalaz gain, eraikina bera kokatzen den lekuan bertan ere zuhaitz batzuk landatzeko asmoz. Aurre ikusitako lorategi hori metro karratu batzuk gehiago zabaldu ahal izateko Udal gobernuaren gehiengoak ezinbestekoa ikusten du eraikina bera ere eraistea. Horretarako, diru publikoko 1.300.000 euro xahutu dira Lakaxita osatzen duten lur eremu eta etxea bera erosi ahal izateko.
Honen aurrean Lakaxitako asanbladako kideok planaren bigarren aldaketa plenora joatea erabaki genuen eraikinaren kontsolidazioa eskatzeko helburuz. Honen harira, Hirigintza Batzordeko Lehendakaria den Xabier Iridoy zinegotziak gurekin kontaktuan jartzeko interesa agertu zuen, zuzenean Lakaxitan teknikari bat sartzeko asmoz. Guk, ordea, Anaka-San Miguel planaren, eta zehazki, gure egoeraren inguruko bitartekaririk gabeko informazio zehatza eskatu genion, hau da, bertako beste edozein bizilaguni eman beharreko bidezko informazioa. Nahiz eta Iridoy gure asanbladara gonbidatu, hark ez zuen etorri nahi izan, ez baitzen teknikarien lan orduan sartzen. Aste honetan beste bilera bat dugu EAJko zinegotziarekin Udaletxean bertan.
Guzti hau dela ere, lehengo ostiralean Irungo alkate den José Antonio Santanok hedabideetan jakin arazi zuenez, nahiz eta proiektuaren bideragarritasunaren izenean bertako etxebizitza gehienak mantentzeko asmoa zuela esan, Lakaxita ordenaziotik kanpo geratzen zela berretsi zuen. Berriro ere, armarritzat duten hiritarron eskubideak urratu eta informaziorako, zein interpelaziorako ditugun eskumenak bortxatuz.
Udaletxearen komunikazio zailtasun edota borondate falta ikusita, hemendik esaten diegu berriro ere Lakaxitaren kontsolidazioa nahi dugula. Asko eman dugu, eta asko dugu oraindik herriari herritik emateko. 11 urte dira Irunen, zein San Miguel eta Anaka auzoetan partekatzen, lanean, ametsetan, ospatzen eta beste abar luze bat egiten darabilzkigunak, eta beste 11 pasako genituzke pozarren. Guk argi dugu. Lakaxita beriola gelditzea nahi dugu!
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1469 irakurketak
- Castellano