Donostian Metroa gelditzeko deialdiak aste honetan

Donostian Metroaren proiektua gelditzeko “Satorralaia” bizilagunen mugimenduak aste honetan honako bi ekintza hauetan parte hartzeko dei egiten die herritar guztiei, hirian desadostasun zabala pizten duen egitasmo hori geldiaraztea eskatzeko:

    - Ostegunean, maiatzak 26, herritarrak Donostiako Udal-Plenora biltzeko deialdia egiten dugu: Donostiako Udalbatzaren Osoko Bilkuran metroaren gaia eztabaidatuko dela eta, Donostiako Metroaren igarobidea edo pasantea gelditzeko eta herri galdeketa bat egiteko aldarrikapenak bertara eramango ditugu. Metroaren gaia goizeko 10’30ak  aldera jorratuko denez, goizeko 10tatik aurrera udaletxeko pleno-aretoan biltzeko dei egiten dugu, proiektu horrek donostiarren artean pizten duen desadostasuna adierazteko eta egitasmoa geldiaraz dezaten aldarrikatzeko.

    -  Maiatzak 28 larunbatean,  Kontxako hondartzan Metroaren salaketa ekintza informatibo ikusgarria egingo dugu, arratsalde osoan: Metroaren proiektuak Kontxako hondartzaren azpian egiten duen 320  metroko ibilbidea irudikatu edo bistaratuko dugu hondartzan bertan, azpiegitura honen aberrazioaz ohartarazteko. Hori dela eta, larunbatean komunikabideei ekintza informatibo horren berri jasotzeko dei egiten dizuegu, arratsaldeko 17’30etan Kontxako Erlojuetan egingo den zita informatibora etorriaz. Ekintza ikusgarri honen bidez, Metroa bezalako garraio-azpiegitura handi bat Kontxako hondartzaren azpian eraikitzea itxuragabekeria latza dela salatu nahi dugu: zehazki, Perla-tik Hotel Londres-eraino doan tartean Kontxako hondartzaren azpian eraiki nahi dute Metroa, Kontxako pasealekuko Erlojuen aurrekaldean hedatzen den hondartza alderik alde zeharkatuz, itsasgorak estaltzen duen eremuan 34 metroko sakoneran. Zentzugabekeria hori, gainera, Kosta Legeak itsasertzeko eremua babesteko ezartzen dituen xedapenen aurkakoa da gure ustez. Hori eta, Metroaren egitasmoa Kontxako eremu kaltetuan salatuko dugu datorren larunbatean.

Bestalde, Donostian Metroaren proiektua geldiaraztea eskatzeko sinadura bilketa bat egiten ari garela gogoratzen dugu, eta etxeetako balkoietan “METROARI STOP” leloa daramaten banderolak jartzeko gonbitea egiten diegu herritarrei. Banderola horiek eskuratzeko gurekin harremanetan jarri (satorralaia@gmail.com) edota Prim Kaleko “Hodeiertz” belardendara jo daiteke. Ekintza hauen buruan manifestazioa egingo da ekainaren 18an, Donostian Metroaren egitasmoa gelditzea eta gure hiriak behar duen garraio-ereduaren inguruan eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat ireki dadin eskatzeko.

Metroa gelditzeko Donostiako “Satorralaia” bizilagunen mugimendua

Etiquetas: