Elikadura burujabetzaren eta lurraren aldeko martxa

Bost kontinenteetako nekazari mugimenduak elkartuko dira uztailaren 15etik 24ra Derion (Bizkaia), Via Campesinaren Munduko Batzarrean. Koordinakunde horrek hainbat hamarkada darama elikadura burujabetzaren aldeko borrokan, hau da, herriek eta komunitateek beren ongizaterako eta osasunerako beharrezko dituzten elikagaiak ekoizteko eta jateko duten eskubidearen aldeko lanean. Defendatzen duten nekazaritza eredua ekoizpen dibertsifikatuan oinarritutakoa da; komunitatearen beharren neurriko ustiategi txikiz osatua, jatorri naturaleko simaur eta ongarriak erabiltzen dituena, eta ingurunea eta lurraren zikloak errespetatzen dakiena.

Via Campesina osatzen duten organizazioek maiz egin behar izaten diete aurre multinazionalen megaproiektuei. Elikagaien nekazaritzari, energiari, industria farmazeutikoari eta estraktibismoari lotutako multinazionalak egiazko mafia boteretsuak dira, eta paramilitarismoa baliatzen dute herriak eta komunitateak lekualdatzera behartzeko. Munduko gosea desagerrarazteko aitzakian, nekazaritzako elikagai enpresek nekazaritza eredu kapitalista eta kolonialista inposatzen dute. Eredu horren oinarrian daude, hain zuzen, esportaziorako labore bakarra lantzen duten ustiategi handiak (palma olioa, kasu); lurra eta ura pozoitzen dituzten ongarri eta pestizida kimikoen erabilera; eta belaunaldiz belaunaldi haziak kontserbatzeko, hobetzeko eta ugaltzeko ezagutza tradizionala eteten duen transgenikoen erabilera.

Komunitateek badakite lekuz aldatzeak ez diela gosea, esplotazioa, miseria, azpiratzea eta deserrotzea besterik ekarriko, eta horregatik arriskatzen dute bizia lurra defendatzeko, huraxe dutelako duintasunaren eta biziraupenaren berme bakarra. Berta Caceres Hondurasen erail izanak komunikabideetan izan zuen proiekzioak erakutsi zuen enpresa horien benetako aurpegia zein den: komunitateen lider indigenak eta nekazariak erailtzen dituzte inpunitaterik gabe, eta hilketa horiek ez dira normalean ezagutzera ematen. Bizitza da emantzipazioaren aldeko borrokaren prezioa.

Euskal Herrian agroekologiak indartsu ekin dio elikadura burujabetzaren bideari. Gainera, lurra Abiadura Handiko Trena, goi-tentsioko lineak edo gasaren erauzketa bezalako erasoetatik babestu nahi duten borrokak bateragarriak dira agroekologiarekin. Izan ere, lurra izanez gero baino ezin dira gauzatu "0 kilometro" bezalako ekimenak, nekazarien eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena bermatzen duten nekazaritza ekologikoko kooperatibak edo kalitatezko, tokiko, garaiko eta bidezko merkataritzako produktuen banaketa. Bi borrokak –proposamen bat egiten duena, bata, eta aurre egiten duena, bestea– inoiz baino beharrezkoagoak dira gaur, horixe baita globalizazio kapitalistak eta merkatu libreak dakarten garraio eta energia menpekotasunetik askatzeko modu bakarra.

Egunero kontsumitzen ditugun elikagaiek 3.500 km egiten dituzte batez beste gure mahaira iristeko. Ez da harritzekoa, bestalde, kontuan hartzen badugu Euskal Herrian jaten ditugun elikagaien % 3 bakarrik ekoizten dugula bertan eta gainerakoa aipatutako nekazaritzako elikagaien, energiaren eta garraioaren multinazional horien bidez iristen zaigula. Paradoxaz, euskal Y-ak hartzen dituen 1.200 hektareetan 60.000 bizikidetza unitaterentzako elikagai begetalak landatu litezke. Horren ordez, baina, Negozioaren Eusko Alderdiaren "kudeatzaileek" zementua bota, lurra basamortu bihurtu, eta hurrengo belaunaldiek etorkizunean egin lezaketen lurraren erabilera mugatzen dute.

Premiazkoa da pilaketan, espekulazioan, estraktibismoan, ustelkerian eta lurraren suntsiketan oinarritzen den gizarte eredua aldatzea, eredu horrek munduko milioika laguni gosea, miseria, biodibertsitatearen, kulturen eta hizkuntzen galera eta gerra ekarri dizkielako eta oraindik ere ekartzen jarraitzen duelako. Lurrak eskuzabaltasunez eskaintzen dizkigun baliabideak mugatuak dira eta, halere, plataforma logistikoak eta intermodalak, errauskailuak, minak, goi-tentsioko dorreak, parke eolikoak eta ekipamendu turistikoak egiten jarraitzen dute, muga biofisikorik ez balego bezala. Premiazkoa da erokeria hau geldiaraztea eta zentzu panoramikoa erabiliz sentitzea, pentsatzea eta jardutea, mundu mailako desoreka larriak eragiten dituen gure bizimodu agroindustrialaren errealitatea ikusarazteko. Norabidea errotik aldatzea ezinbestekoa da bizitza gizarte antolaketaren erdigunean kokatzeko.

Euskal Herriko lurraren aldeko mugimenduak guztiz identifikatuta sentitzen gara Via Campesinarekin eta haren elikadura burujabetzaren aldeko borrokarekin. Horregatik, sentipen hori partekatzen duten organizazio, kolektibo eta norbanako guztiak gonbidatzen ditugu "TXIKIZIOA BORROKATU, BERTAKO ELIKADURA BULTZATU!" goiburupean egingo dugun martxan parte hartzera. Oinezko martxa uztailaren 14an, 15ean eta 16an egingo da Bergaratik Deriora, eta euskal Y-aren obretatik igaroko da. Era berean, uztailaren 23an batzarrari amaiera emateko Deriotik Bilbora egingo den martxan parte hartzera deitzen zaituztegu.

BERGARA-DERIO  MENDI IBILALDIA
La Via Campesinak munduko kongresua Derion (Bizkaian) burutuko du uztailean. Elikadura burujabetza da La Via Campesinaren aldarrikapenen ardatza. Baina horretarako lurra behar da eta azpiegitura handiek lurra erabat artifizializatzen dute.

Hori dela eta, lurraren aldeko zein gizarte mugimenduko hainbat talde Bergaratik Deriora  mendi ibilaldia prestatzen ari gara  uztailaren 14tik 16ra "TXIKIZIOA BORROKATU, BERTAKO ELIKADURA BULTZATU!"  lelopean.
 
Hauxe  da ibilaldiaren egitaraua:
 - Uztailak 14, ostirala / BERGARA-ELORRIO- IZURTZA
    · 10:00etan. Irteera: Bergarako autobus geltokia
    · Bazkaria:  Elorrioko gaztetxea.
    · 19:00etan. Hitzaldia: EKOPOLen txostenaren aurkezpena. David Hoyos. Izurtzako frontoian.
    · 21:00etan. Afaria.
    · 22:30ean. Kontzertua: Eneritz Furyak.
    · Lo egiteko frontoian.

 - Uztailak 15, larunbata/: IZURTZA-ZORNOTZA-LARRABETZU
    · 9:30ean. Irteera: Izurtzako frontoia.
    · 10:00etan. Andra Mari plaza. Durango.
    · Bazkaria: Zubiondo plaza (Parke gorria). Zornotza.
    · 19:00etan. Solasaldia: “Elikadura burujabetzatik bizitza burujabetzara” eta “EHko azpiegiturek eragindako lurraren artifizializazioa. Anguleri Kultur etxea. Larrabetzu.
    · 21:00etan. Afaria: Hori bai gaztetxea. Larrabetzu.  
    · 22:30ean. Kontzertua:  Gerra zibileko kantuak eta musika. Hori bai gaztetxea.
    · Lo egiteko polikiroldegian.

 - Uztailak 16, igandea: LARRABETZU-DERIO                                   
    · 10:00etan. Irteera: Askatasunaren Enparantza. Larrabetzu.
    · 13:00etan. Giza-kate-jira. Derio.
    · 13:30ean. Amaierako ekitaldia. Derio

IZEN EMATEA: ahtgelditu@ahtgelditu.org edo 628243066 tfnoa.

ARGIBIDE  GEHIAGO: http://www.ahtgelditu.org

Autonomia Komunala Iruñea, Ekologistak Martxan, Hiritik At, Stop Kaleratzea, Erletxe, Baladre, Barealaia barazki kooperatiba, Lurraren Orena, Bidasoaldeko Askapena, Firestone, Baserri 21, Basherri Sarea, Steeilas, CNT, Ekologistak Martxan, Satorralaia, CADE, Eguzki, Berriztu!, LAB, Gurpide Elkartea, Barañaingo AHTren kontrako taldea, AHT Gelditu! Elkarlana, Asoc. Piparrika Elkartea, Ximaurpila, Berri-Otxoak, Plataforma contra La Variante Sur Ferroviaria, Basagure Talde Ekologista, Kakitzat,…

Etiquetas: