Tosu estartako auzokideek Ibarbengoako parkingaren aurkako manifestazioa antolatu dute

Azken asteotan Ibarbengoako parkingaren obren hasierak oihartzun zabala izan du Getxon zein beste leku askotan. Azpiegitura faraoniko hau, inposatutako proiektuaren iceberga besterik ez da.

Ur azpian, Iturribarriko ingurugiroaren aurkako sarraskia, gure dirua xahutzen duten Getxo Antzokia nahiz Erromoko Kultur Etxea moduko azpiegitura erraldoiak eta aparkatuta dagoen PTPa daude esate baterako.

Nahiz eta udal gobernuak gehiengoa ez izan, herritarron desadostasunei muzin egiten diete behin eta berriro. Bitartean, auzoetako arnasguneak desegiten dituzte eta poltsikoak diruz bete.

Bada garaia Getxoko auzoetako herritarron ahotsa aldi berean entzun dezaten. Ez dugu itxurakerian oinarritutako herri bat nahi. Bizitzaz betetako Getxo bat nahi dugu.

Horregatik eta ulertuta parkingaren gaia agendan dagoela, azaroaren 11n Getxoko puntu desberdinetatik irtengo den manifestaziora dei egiten dizuegu. Zuen atxikimendua eta aldarrikapenak ondo etorriak izango dira!

Asko gara eta bizirik gaude! Ibarbengoako parkingari ez!

Etiquetas: