Katea auzoko Landetxa Auzo elkarteak ekintza ugari antolatzen ditu eta gehienetan, auzoko beste elkarte, zerbitzu eta eragileekin batera egiten dugu. Batzuetan ekintza ludikoak dira (jaiak, aste kulturalak, gabonetako ekintzak, ipuin kontalariak, inauteriak auzoan, antzerkiak, e.a.); eta beste batzuetan berriz, denbora eta lana egiten dugu auzotarren bizitza kalitatea hobetuko dituzten hirigintzako hobekuntzak lortzeko. Eta azken urteotan, hainbat prozesu partehartzaile sustatu ditugu eta bertan auzotarrok eta eragile ezberdinek elkarri entzun, elkarrekin hausnartu, partekatu, proposatu eta adosten ditugu auzorako hobekuntzak. Gaurkoan horrelako prozesu baten berri eman nahi dizuegu.
Laburki prozesu honek zituen helburuak azalduko ditugu:
- Azken 100 urteetan gure auzoko garapena ezagutu, aztertu eta hausnartu auzoko bizilagunen artean. .
- Bizilagunek prozesuan zehar adierazitako behar, lehentasun eta proposamenetan oinarrituriko auzorako plan bat proposatu eta gure auzo elkarteak etorkizunean garatuko dituen ekintzetarako ardatza izatea.
- Udalari (gobernu eta oposizioari) egindako lana aurkeztu, beraien udal politiketan aintzat izan ditzaten bertan azaldutako proposamenak.
- Erakundeekin bestelako harremana izateko pausuak eman non gizarte zibila protagonista izango den, benetako hiritartasuna sustatuz eta beraz, proposamen landuak egiten dituena eta ez dena egoten bakarrik erakundeek proposatzen diotenaren zain .
Aurkezten dizuegun prozesua 2010ean hasi zen, Elatzeta Ikastetxeak auzo elkartearekin batera, “Auzoa Amets dezagun” ekimena garatzea proposatu zuenean. Bertan auzoko biztanleei auzoa amesteko eskatzen zitzaigun, zer nolako auzoan bizi nahi genuen pentsatzea. Prozesu haren amaieran, 500 proposamen baino gehiago bildu ziren eta dokumentu batean jaso ziren.
2014ean, aurrera pausu bat ematea beharrezko ikusi zen eta “Auzoa ametsa sortzen- La evolución de nuestro barrio en los últimos 100 años” diseinatzeari ekin genion. Prozesu partehartzaileetan eskarmentu handia duten bi arkitekturekin harremanetan jarri ginen, Koldo Telleria eta Ager Iñarra, eta elkarrekin 2015ean garatuko genuen prozesua diseinatu genuen.
2015eko martxoan abian jarri genuen prozesuaren lehen zatia: 3 hausnarketa bide izan genituen:
1. Argazki eta ortofotoen erakusketa bat diseinatu genuen. Honi esker auzoko garapena aztertzeko balio izan zigun, bai arlo ekonomikoan, bai urbanistikoan
nahiz soziokulturalean ere. Sortu genituen paneletan auzotarrek hainbat informazio azaltzeko aukera izan zuten: kontsumo, mugikortasun eta bestelako ohiturak, besteak beste.
2. Tailer ezberdinak garatu genituen eta gure auzoko errealitatea aztertzeko balio izan zuen. Tailer batzuk irekiak ziren, nahi zuenak bertaratu zitekeen; beste batzuk berriz, metodologikoki kolektibo zehatzetara egokitu genituen. Horrela ikasleekin tailerrak bideratu genituen, bai eta pertsona nagusiei egokitutako tailer bat ere.
3. Dimentsio handiko mapa bat diseinatu genuen eta bertan jendeak auzoko toki ezberdinekiko zuen iritzia, sortzen zien bizipen eta sentimenduak adierazten zituen (horrela gune batzuk beldurra ematen digutela agerian geratu zen; beste batzuk gustuko ditugu eta gustura senti arazten digutela; beste batzuk zikinak daudela eta ez zaizkigula gustatzen; e.a.). Mapari esker informazio garrantzitsu andana jaso zen.
2015eko urrian eta azaroan beste ekimen batzuk garatu genituen. Aste Kulturalaren baitan, auzoko toki ezberdinak zuzenean bisitatu genituen prozesuan bizilagunek egindako ekarpenak zuzenean ikusteko. Ibilbidearen zati bat gurpildun aulki batean egin genuen eta horrela mugikortasun urria duten pertsonen egunerokotasuna errazago ikusteko aukera izan genuen. Aukera paregabea izan zen auzoko jendeak egindako aipamenak zuzenean ikusteko.
Azaroan, tailer ezberdinen bidez, martxoan egindako lanean oinarrituz, lehentasunak adostu ziren. Bizilagunek beharrak aztertu, ekintzak lehenetsi eta irtenbideak proposatu zituzten. Behin betiko dokumentuan jasotako lan ildoak adostera iritsi ginen.
Paraleloki, proposamen guztiak egun indarrean dagoen legediarekin, plan orokor eta urbanistikoekin alderatu ziren. Horrela 2017ko otsailean Batzar Berezi bat burutu zen eta auzoari egindako lana itzuli zitzaion. Ondoren, uztailean, bilera bat burutu zen udal gobernu eta oposizio nahiz udal teknikariekin, prozesua eta bertan ateratako emaitzak aditzera emateko aukera izan genuen.
Prozesu honetan 300 pertsona baino gehiagok parte hartu du. Hemendik gure esker onena agertu nahi diegu guztiei eta baita auzoko elkarte, eskola eta eragileei uneoro eskainitako babesarengatik.
Prozesua garatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzetara aurkeztu ginen eta Irungo Udalari Eskola Zaharra uzteko eskatu genion.
Prozesu honen emaitza esanguratsuenak guretzat hauetxek dira:
1. Prozesu honi esker auzotarrek gure auzoko azken 100 urteetako eboluzioa eta garapena ikusteko aukera izan dute. Horrela bizi izandakoarekin adostasunak eta desadostasunak agerian geratu dira. Beste bizilagunen beharrak entzun eta proposamenak partekatu ditugu eta gai izan gara etorkizuneko auzorako plan bat osatzen adostasun handiko proposamenak egin direlako.
2. Gure auzoko eboluzioa ezagutu eta jabetzeko aukera eman digu; bertan ikusi dugu denbora gutxian landa gune izatetik poligono industrial, dentsitate handiko errepideez eta urbanizazio berriez inguraturik egotera pasa garela. Bestalde, ardura handiz ikusten dugu etorkizuneko planek egoera ez dutela hobetzen, aldiz txartzen dutela; izan ere, egun landa gune diren hainbat eremu industria
eta eraikigarria bilakatuko baitute plan berriek. Zabaleta inguruan arduratzen digu modu berezian eta proposamen zuzenak egiten dira gune horretarako.
3. Auzotik ateratzeko bideak arriskutsuak dira bizilagunentzat. Esan dugun moduan errepide eta poligonoez inguraturik gaude eta horrek gure oinez eta txirrindaz egindako jarduerak asko mugatzen ditu. Edozein mugimendu egin behar dugunean, garraio publiko nahiz pribatua erabiltzera garamatza egungo egoerak. Horregatik garrantzitsua da auzotik kanpora doazen bideak ziurrak izatea oinez nahiz txirrindaz doazenentzat. Egindako ekarpenen artean, eta garraio publikoak gure auzoan duen garrantzia ikusita, trena eta topoaren geltoki intermodalaz gain, sarrera bera egokitzea ere proposatu da.
4. Argi geratu zaigu lanean jarraitu beharko dugula egun ditugun landa eremuen mugak defendatzen; hori baita egun dugun ondare ezberdinak bermatzeko modua (paisaia, gure historia nahiz ondare kulturala). Honela arduratsu eta kezkaz ikusten dugu auzo erdian apenas dugula eraiki gabeko gunerik edo eta espazio berderik. Adibidez, prozesu honen amaieran Irurtzunzar gunean egitasmoren bat bultzatzea lehenesten da egun den gune naturala izaten jarrai dezan. Modu berean, gure auzoaren inguruak ezagutzeko hainbat oinezko ibilbide ere diseinatu dira.
5. Horrelako prozesuek erakundeen arteko elkarlana ahalbidetzen dute eta honela herritarren bizitza kalitatea hobetzen duten egitasmoak garatzeko aukera dago (agian, beste modu batean zailtasun gehiago izango lirateke gauza berdina lortzeko). Adibidez, Zelaiburu baserritik Mendiolaren sarrerako bideraino oinezko ibilbidea egitea lortu da.
6. Prozesu honek gure etorkizuneko auzoa definitzeko lan komunitario bat egitea suposatu du eta Landetxa Auzo Elkartearentzat, oinarrizko ibilbidea izango da auzoko egitasmoak zehazteko orduan. Etorkizuneko planetan, Erakunde publikoek, guk egindako lana kontutan izan dezaten eta hemen jasotako proposamenak beraien planetan sar ditzaten lanean jarraituko dugu.
Landetxa Auzo elkartea
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1210 irakurketak
- Castellano