Ilusioz bizi dugu une historiko hau. Ilusioz, itxaropenez, arduraz eta, batez ere, arretaz. Kataluniak urriaren 1ean hitzordu bat du demokraziarekin, hitzordu bat du etorkizunarekin. Hilabete barru bide emango zaio katalanen hitzari eta borondateari. Gehiengo zabalez, etorkizuneko estatus politikoa erreferendum baten bidez erabakitzera doaz. Kataluniako herriaren ametsa betetzera doa eta haien ametsa gurea ere bada: herritar gisa erabakitzea.
Uztaileko agerraldian esan genuen demokraziarekin eta erabakitzeko eskubidearekin konpromisoa duen edonor ezin dela ezer esan gabe gelditu abagune honen aurrean. Horregatik, euskal herritarron elkartasun nahi horri bide eman nahi dio Gure Esku Dagok irailaren 16an Bilbon deitutako manifestazioan.
Izan ere, urriaren 1ean, demokrazia dago jokoan, botoaren balioa dago jokoan, bozkatzeko askatasuna dago jokoan, eta herritar guztien duintasuna dago jokoan, edozein dela haien pentsaera eta edozein dela haien jatorria. Demokratok ezin gara begira gelditu, ea zer pasatzen den urriaren 1ean. Mobilizatu beharra daukagu funtsezko askatasunen defentsan, mobilizatu behar dugu katalanek bozkatu ahal dezaten, gure bozkatzeko askatasuna ere jokoan dagoelako.
Kezkatuta eta arduratuta gaude katalanen bozkatzeko nahiari eta erabakitzeko eskubidea erabiltzeari Espainiako Estatutik iragartzen ari diren erantzun demofobikoekin. Herritarron ardura da autoritarismoari aurre egitea. Eta, beraz, euskal herritarron babesak balio behar du zigor bidea, neurri errepresiboak eta mehatxuak alde batera geldi daitezen. Erabakitzeko bozkatzea demokrazia delako, ulertezina da erreferenduma auzitegien jomugan jartzea eta herritarren botoaren balioa ukatzea. Kataluniako herritarren gehiengoaren borondate demokratiko eta baketsuari erantzuten dio erreferendumak, eta, horregatik, erreferenduma posible izan behar da.
Mobilizazio herritarra, anitza eta bateratzailea izango da irailaren 16koa, eta, desberdintasunen gainetik, erabakitzeko eskubidearen alde dauden herritar eta sektore guztiak barnebiltzeko borondatea du. Borondate horren adierazle, manifestazio honetarako zenbait sostengu bildu ditugu, ikuskera, pentsamolde, jatorri edo jardunbide ezberdinetakoak. Zerrenda horrek lagin esanguratsu bat ordezkatzen du eta erakusten du Kataluniako erreferendumari eta katalanen erronka demokratikoari babesa adierazteko beharra eta gogoa oso zabalduta dagoela gure gizartean. Horregatik, irailaren 16an, jende uholdea espero dugu Bilbon, eta dei egiten ditugu herritarrak unearen garrantziaz jabetzeko, eta bozkatzeko eta erabakitzeko eskubidearen defentsa elkarrekin egiteko Bilboko kaleetan.
Testuinguruak eskatzen duen tamainako erantzuna eman nahi dugu Euskal Herritik. Demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden indar guztiak batu nahi ditugu. Denon artean babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu Kataluniako herriari eta urriaren 1eko erreferendumari; baita Kataluniako erakundeei ere, eztabaida politikoari bide emateko erakutsi duten borondate irmoagatik, herritarren hitza eta erabakia lehenesteagatik eta hautetsontzietan jasotako agindua betetzeko hartutako konpromisoagatik.
Mobilizazioaren inguruko azken xehetasunak
Irailaren 16an, arratsaldeko 17:30ean abiatuko da manifestazioaren burua La Casillatik ‘Bozkatu erabakitzeko’ eta ‘Demokrazia’ lelopean. Eta, Autonomia kalea, Hurtado Amezaga eta Plaza zirkularra zeharkatu ondoren, Udaletxean emango dio amaiera, itxiera ekitaldiarekin. Herriz herri autobusak antolatzen ari dira eta garraio bide hori edo garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egiten dugu.
Irailaren 16an Bilbon begirunea eta errespetua adieraziko diogu Kataluniako herritarren gehiengoaren borondateari; hau da, herritarrek etorkizuna erreferendum baten bidez erabakitzeari. Erabakitzeko bozkatzea demokrazia baita. Demokrazia besterik ez. Bilboko Autonomia kalea betetzeko deia egiten dugu.
Autobusak Irundik
Irungo Gure Esku Dago taldeak Bilbora joateko autobusak antolatuko ditu:
-Autobusa 15:30etan aterako da Bixeratik eta 10 euroko salneurria izango du.
-Izena emateko 645724318 telefonoro watsapa idatzi edo deitu beharko duzue (Beñat).
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 986 irakurketak
- Castellano