Satorralaia bizilagunen mugimenduak abenduak 20 asteazkenean Diputaziotik Udaletxera Martxa deitu du, hain zuzen ere egun horretan bilduko den Donostiako Udal-Plenoari Metroaren pasantea geldiaraztea eta auzi honetan herritarren partaidetzari bideak ireki daitezen exijitzeko. Martxa arratsaldeko 5’30etan Gipuzkoako Plazatik abiatuko da, “PARTAIDETZARI BAI: METROAREN INPOSAKETARI EZ!” lemapean, eta Alderdi Ederren geldialdi bat egin ondoren Udaletxea inguratzeko giza-kate bat osatuko dugu, jarraian Ijentea kaleko sarreran sentada labur bat eginez amaitzeko.
Bizilagunen mugimendu honek Eneko Goia alkateari birritan eskatu dio Metroaren pasabidearen egitasmoa gelditzeko eta Donostiarako garraio pubikoko soluzio egokienaren inguruan bide partehartzaileak irekitzeko. Gure eskaera guztiak paperontzira joan dira ordea, eta erakundeek ez dute inongo borondaterik agertzen herritarren partaidetzarako bideak irekitzeko edota Metroaren pasantearen inguruan jendarteak duen iritzia ezagutzeko kontsultarik egiteko.Hain zuzen, herri galdeketa bat egiteko eskatu genion Gipuzkoako Diputazioari kasik 9.000 donostiarren sinaduren babesarekin, eta bere ezezkoak Arartakoaren gaitzespena jaso zuen gero. Gauzak horrela, herritarren gehiengoak zeharo behar gabekotzat jotzen duen proiektu hau era zeharo inposatzailean ezartzen segitzen du Eusko Jaurlaritzak.
Hilak 19 asteartean elkarretaratzea egingo dugu Mirakontxa-Easo zatiak kalteturiko ondasunak okupatu aurreko akten sinaketa salatzeko
Bestalde, Satorralaiak elkarretaratzea egingo du abenduak 19 asteartean goizeko 10etan Donostiako Udaletxearen atarian (Ijentea kalea), Metroaren “Mirakontxa-Easo” zatiak kalteturiko ondasunak okupatu aurreko aktak sinatzeko Eusko Jaurlaritzak deitu duen ekitaldia salatzeko. Desjabetza prozesu honek Metroaren obrak egiteko hiri-erdialdean, Amaran eta Morlansen eremu publiko zabalak eta hiriko kale garrantzitsuak okupatzea dakarrela salatzen dugu: osotara 20.000 metro karratutik gora okupatu nahi dituzte San Martin, Easo, San Bartolome, Urbieta eta Loiola kaleetan, Xabier Zubiri Plazan eta Kontxako pasealekuaren mugan, Zaragoza Plazan, Zubieta, San Martzial, Arrasate, Aldapeta, Autonomia, Osasuna eta San Roke kaleetan, Arbaizenea Parkean, Errondo Pasealekuan, Jose Maria Paternina Plazan, Azpeitia kalean eta Morlans beherako eremu libreetan. Afekzio handienak erdialdean ematen dira: Metroaren “kanioien” hondeaketak, igogailuen nahiz aireztapen putzuen zulaketak, eta obrako sarbide eta instalazioek afekzio larriak eragingo dituzte hirigunean. Trafikoari arazo handiak eta oinezko mugikortasunari nahiz garraio publikoaren funztionamenduari eragozpen larriak eragingo zaizkio hiriaren erdian. Lurpean egin beharreko azpiegitura-lan handiek ondorio larriak eta arriskugarriak izango dituzte Metroaren trazadutik hurbil dauden erdialdeko eta Amarako eraikinetan. Eta guzti hau zertarako? Beharrizan sozialik ez duen lan erraldoi bat egiteko?
Hori denagatik, hilak 19 astearearekin udaletxean elkarretaratzea egingo dugu goizeko 10etan, Autonomia kaleko 20. etxeko bizilagunak nahiatezko desjabetza-aktak sinatzera deituak diren ordu berean.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1065 irakurketak
- Castellano