Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimenduak Eneko Goia alkateari zuzendutako idatzi bat aurkezten du gaur eguerdian udaletxean, 8.916 donostiarren sinadurekin batera, Metroaren pasantea gelditzea, Donostiak behar duen garraio-ereduaren inguruan prozesu partehartzaile bat irekitzea, eta herri galdeketa bat egitea eskatzen dutenak. Ekimen honekin Eneko Goia alkateari dei egiten diogu, hain zuzen ere herritarren eskaerak aintzat har daitezen Udalari bere jokabidea lda dezala eskatzeko.
Alkateari zuzenduriko deian azpimarratzen dugunez, udaletxeak ezin du ezjakinarena egin Metroaren pasantearen aferak hiriko herritarren artean sortarazten duen ezinegonaren eta desadostasun sozial nabariaren aurrean, ezta Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki egindako inkestan azpiegitura honek jaso duen suspentsoaren aurrean ere.
Halaber, idatzian gogoratzen dugu 2016ko otsailaren 9an Eneko Goia alkatearekin bildu zela bizilagunen mugimendu honen ordezkaritza bat, Metroaren pasantearen auzian herritarren partaidetzarako bideak ireki zitezen eta herri galdeketa bat egin zedin Udaletxearen konpromezua eskatzeko. Udalak afera honetan inongo eskumenik ez duela erantzun zigun orduan Alkateak, nahiz eta herritarren partaidetzarako bideak irekitze aldera egin genion eskaera Jaurlaritzari helaraziko ziola hitzeman zigun. Alabaina, erakundeei egin dizkiegun eskaera guztiak paperontzira joan dira eta Jaurlaritzak proiektua era zeharo inposatzailean ezartzen jarraitzen du, herritarren partaidetzarako bideak irekitze aldera inongo konpromezurik ez delarik bete.
Honi dagokionean, idatzian adierazten duogu Euskal Gobernuak ezin duela Metroaren pasantea indarrez inposatu, eta salatzen dugu onartezina dela eraikuntza-lanak berriki nola esleitu dituen, proiektuak Kosten baimenik izan gabe eta Ingurumen-Inpaktuaren Adierazpenaren inguruan EAEko Auzitegi Nagusiak eman behar duen epaia itxoin gabe --aipagarria baita horren eraginkortasuna zalantzan jartzen duen helegite judizial bat abian dela joan abenduaz geroztik.
Udalaren iharduerari dagokionean, idatzian azaltzen dugunez, gaitzesgarria deritzogu Udalak eztabaida publikoari uko egitea eta proiektuak aurrera jarrai dezan erraztasun guztiak ematea, arrazoi faltsuak eta zuzentzen ez diren argudio okerrak erabiltzea bezalaxe. Azken horren inguruko xehetasunak ematen ditugu.
Bukatzeko, berriro diogu –eta hau errepikatzen ez gara nekatuko--: Metroaren pasantearen proiektua gelditu eta Donostiari egokitzen zaion garraio-ereduaren inguruan eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat ireki behar da. Auzi honek herritarren parte-hartze bete eta zuzena sustatzea eskatzen du, proiektuak zuzenean eragindako jendea Donostiako bizilagunak bait gara.
Deialdiak Antiguan eta hitzaldia Bidebietan
Antiguako auzoan datozen egunetan bi ekimen antolatu ditu Satorralaiak Metroaren pasantearen kontrako mugimendua suspertu asmoz:
-Larunbata ekainak 17: Matia kalean KALEJIRA erreibindikatiboa (Metroaren aurkako kantak eta bertsoak…) eta informazio banaketa egingo da. Irteera: eguerdiko 12etan elizaren ondotik.
-Asteartea ekainak 20: ASANBLADA. Arratsaldeko 8etan Sert Plazan
-Asteazkena 21: HITZALDI INFORMATIBOA Bidebietan, Satorralaia eta Dbus-eko “Kurpil” langileen elkartearen eskutik.
Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 860 irakurketak
- Castellano