Lurra eta elikadura burujabetzaren aldeko martxa: Bergara-Derio Mendi-martxaren bigarren kronika

Gaur, hilak 15,  "TXIKIZIOA BORROKATU, BERTAKO ELIKADURA BULTZATU!" goiburu duen  Bergara- Derio martxaren bigarren etapa burutu da, Izurtza eta Larrabetzuren artean.

Goizean Izurtzatik abiatu dira. Durangon ekimenera jende berria gehitu da eta EAJren batzokiaren aurrean elkarretaratze txiki bat burutu da, EAJk Euskal Herriko txikizioan eta AHTren eraikuntzan  duen erantzukizuna salatuz. Durangoko tartea manifestazio moduan eskuorriak banatuz burutu da. Handik martxa Orozketa mendirantz abiatuta, AHTren lanen ibilbidetik segitu dute. Aipatzekoa da lan hauek urte batzuk geldirik egon ondoren berriro hasi direla.

Martxak zeharkatu duen zonaldean Bizkaiak duen baso autoktonorik ederrenetako bat suntsitzen ari diren lekuko izan dira. Lur mugimendu itzelek zatikatu dute mendialde eder izandakoa eta honen triskantza bertatik bertara ikusi ahal izan dute.

Zornotzan eskusoinuak ongi etorria eman die martxistei eta kalejira alaiean gaur arratsaldean  festari hasiera eman dion herria zeharkatu dute. Ondoren Zubiondo Plazan Zornotzarrek bertako produktuekin sukaldatutako bazkari legea dastatu dute beste behin ere.

Bazkaldu osteko ohiko bileraren ondoren, Boroa auzora abiatu dira eta handik Harrizuriganetik pasatuz martxa Larrabetzu herrira iritsi da. Ongi-etorri musikal beroa  jaso ondoren, Anguleri Kultur etxean “Elikadura burujabetzatik bizitza burujabetzara” eta “EHko azpiegiturek eragindako lurraren artifizializazioaren inguruko solasaldia burutu da. Gaztetxean afaldu ondorenean, Gerra zibileko kantuak eta musikari buruzko emanaldiarekin egunari amaiera eman zaio.

Etiquetas: