Metroaren aurkako manifestazioa datorren larunbatean Antiguatik bulebarrera

Satorralaia bizilagunen mugimenduak gaur goizean Metroaren proiektua gelditzeko aldarrikapen gunea eta prentsaurrekoa egingo du Zarautz Etorbideko eremu kaltetuan. Aldarrikapen ekintza hori goizeko 10etan hasi da, hain zuzen ere jendartean desadostasun zabala pizten duen egitasmo horren erakintza-lanak Eusko Jaurlaritzak hasi asmo dituen eremu batean metroaren aurkako topagunea paratu eta gosaria eskeini dugularik. Halaber, kalteturiko eremuan pankartak jarri eta inguruko hainbat bizilagun hurbildu dira. Prentsaturrekoan adierazi dugunez, azken asteotan etengabea izan da Antiguan abiatu den mobilizazioa eta Metroa denon artean gelditzea badago. Helburu hori aurrean, datorren larunbatean “STOP METROARI! INPOSAKETARIK EZ” lelopean Antiguatik Alderdi Ederrera egingo den manifestaziora ahalik eta jende gehien biltzeaz gain, Euskal Gobernuak hasi nahi dituen lanen hastapena eragozteko egingo diren mobilizazio eta ekintza berrietan ere partehartzera dei egin dugu.

Herritarren gehiengoak Donostian Metroaren pasantea eraikitzeko egitasmoaren kontrako iritzia du, eta zentzu kontua da hori:

  - Donostiarentzat behar gabeko eta neurrizkanpoko obra da: egunero 150.000 bidaiari garraiatzen dituzten lineatarako pentsatuak dira metroak.

  - Dbus eta Lurraldebus kaltetuko ditu, autoen trafikoa apenas gutxitu gabe

  - Baliabide publikoak xahutzea da: 200 milioi eurotik gora dira, 2013an Eusko Jaurlaritzak “obra faraonikotzat” jo eta bertan behera utzi zuen egitasmo batean.

  - Eraikuntza-lanekin hirian afekzio larriak eta trazaketatik hurbil dauden ehundaka eraikinetan arrisku nabarmenak eragingo dira. Bestalde, obra 300 metroko zati batean Kontxako hondartzaren azpian sartzen da.

  - Donostiak garraio publikoko sare nahiko ona du eta mugikortasuna hobetzeko badira soluzio eraginkorragoak eta arrazoizkoagoak: autobusa da egun hiriko mugikortasunari dagonionean aukera onena, eta funtsean Topoaren eta Dbus-en arteko aldaketa gune txikiak sortzea da gakoa, era honetan Topoaren eskualdeko bidaiariei hiriko zonalde ezberdinetara eta lantokietara maiztasun handiko autobusez iristeko erraztasunak emateko. EuskoTrenen sareari dagokionez, beharrezkoa den zatietan trenbidearen bikoizketak egitea eta Pasai Antxon edota Errondoko Pasealekuan Topoa hirian integratzeko soluzioak ematea askoz ere interesgarriagoa da, Kontxako Pasealekuraino zeharo behar gabekoa den metro baten eraikuntzan 200 milioi euro xahutzea baino.

  -Metroaren pasantea ez dator bat hirigintza planifikatzeko eredu orekatu batekin: aitzitik, eredu zentralizatzaile bat sustatzen du Erdialde-Kontxaren inguruan, hiriak nozitzen dituen merkantilizazio eta espekulazio prozesu hazkorrak areagotuz. Nolako hiria nahi dugu?

  - Egitasmoa herritaren partehartzerik gabe inposatu da.

  - Etabar…

Hori denagatik, larunbateko manifestazioan herritarren parte-hartze ahalik eta zabalena biltzeko dei egiten dugu, Eusko Jaurlaritzak obrak hasteko duen asmoari herri-mobilizazio indartsuarekin erantzuteko eta Donostian garraio publikoko soluzio egokienaren inguruan jendarteak eztabaidatu eta erabakitzeko aukera izan dezan proiektua berehala geldi dadin exijitzeko. Manifestazioa arratsaldeko 5etan Antiguako elizatik hiri-erdialdera abiatuko da, eta Artzai Onaren Plazan arratsaldeko 17’45etan mobilizaziora bitzeko deia egiten diegu halaber ibilibide osoa egitea nahiago ez duten pertsona guztiei, denok batera Alderdi Ederren amaitzeko.

Donostian Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

Etiquetas: