Donostiako estropaden bigarren igandean amnistiaren aldeko manifestazioa antolatzen dute

Aurreko urteko estropadetan, hainbat urteren ondoren, berriro ere amnistiaren aldarria atera genuen Donostiako kaleetara. Hala, euskal langileriaren aldarri historiko honen gaurkotasuna adierazi genuen, amnistia, bere zentzu politikoan, ezinbestekoa baita gaur euskal langileriaren askatasunaren bidean.

Amnistiak izaera politiko indartsua dauka. Amnistia, euskal preso eta iheslarien baldintzarik gabeko askatasuna izateaz gain, hauek borrokara eraman zituzten arrazoien gainditzea bezala ulertzen dugulako. Ezin da “bakeaz” hitz egin oraindik ere ehunka euskal militante iraultzaile espetxean edo ihesean dauden bitartean.  Ezin da “elkarbizitzaz” hitz egin euskal gazteri borrokalaria manifestazio batengatik edo muntaia polizial batengatik espetxera bidaltzen duten bitartean, estatuek “terrorismo” deitzen diotena egotzita.

Eta, batez ere, ezin da ez bakerik, ez elkarbizitzarik ez eta adiskidetzerik ere egon euskal langileriaren eta euskal, frantziar zein espainiar burgesien artean, antagonikoak diren klase interesak ditugulako, bateratu ezin direnak. Hitz hauek modu gaiztoan erabiltzen ditu burgesiak, klase interes antagonikoak kontziliatu ahalko balira bezala, bakearen izenean benetan pazifikazioa bilatzen duelarik. Euskal langileriak zapalduta jarraitzen duen bitartean, ez dugu bakerik ezagutuko, saltzen diguten bakea etsaiaren bakea delako, eta etsaiaren bakeak euskal langileriaren zapalkuntza gordina suposatzen duelako.

Honengatik guztiagatik, AMNISTIA aldarrikatuko dugu estropaden bigarren igandean, irailak 10ean, 13:00ean Donostiako Boulervardetik hasita. Bide batez, abuztuak 26an Bilbon egingo den amnistiaren aldeko manifestaziora joateko deia ere egiten dugu. Hau Moyua plazatik aterako da, 20:30etan. Antolakuntzaren eta borrokaren aldarria egiten dugu, borroka izango baita euskal langileriaren askatasuna ekarriko duena, Euskal Herri aske eta sozialista batean.

PRESOAK KALERA, AMNISTIA OSOA!
BORROKA DA BIDE BAKARRA!

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Etiquetas: