3000 lagun Donostian metroa gelditzeko

Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, 3000 lagunetik gora manifestatu dira gaur arratsaldean Antiguatik Alderdi Ederrera Donostian Metroaren obrak hasteko Eusko Jaurlaritzak duen asmoa arbuiatzeko eta jendartean desadostasun zabala pizten duen proiektu hori geldiaraztea exijitzeko. Manifestazioa arratsaldeko 5etan Antiguako elizatik abiatu da,  “STOP METROARI, INPOSAKETARIK EZ!” zioen pankarta buruan, eta Artzai Onaren Plazan eta hiri-erdialdeko kaleetan jende gehiago bildu da, bulebarrera iristean 3000 lagun inguru elkartu dituen mobilizaziora. Eskuetan “STOP Metroari” zioten ehundaka kartel hartuta eta Metroaren aurkako oihu eta kanta ugarirekin lagunduta egin dugu Metroaren inposaketaren aurkako aldarria. Aldi berean, talde batek txalupa batekin egin du protesta, Kontxako badian barrena Metroaren aurkako pankarta eta banderolak erakutsiz.

Gaurko manifestazio jendetsuaren ondoren, Satorralaia bizilagunen mugimenduak datozen egunetan Antiguan Metroaren eraikuntza lanen hastapena eragozteko egingo diren mobilizazio eta ekintzetan partehartzera dei egiten du: honi dagokionean, denon artean Metroa gelditzea badagoela adierazi nahi dugu eta lanak hasiko balira horiek geldiarazteko obraren hastapen-gunera mobilizatzeko urjentziazko deialdia egingo da. Halaber, datorren ostegunean arratsaldeko 5etan Zarautz Etorbideko eremu kaltetuan egingo den asanbladara biltzeko dei egiten diogu jende guztiari (Zarautz etorbidearen 60 zenbakiaren ondoan).

Berriro diogu: Euskal Gobernuak ezin du Metroaren pasantea indarrez inposatu eta proiektua berehala gelditu beharra dago, Donostian garraio publikoko soluzio egokienaren inguruan gizarte-eztabaida eta herritarren partaidetza prozesu bat abian jartzeko. Herritarren gehiengoak Donostian Metroaren pasantea eraikitzeko egitasmoaren kontrako iritzia du, xahutzailea, behar gabekoa eta inposatua delako. Donostiak garraio publikoko sare nahiko ona du eta mugikortasuna hobetzeko badira soluzio eraginkorragoak eta arrazoizkoagoak: autobusa da egun hiriko mugikortasunari dagonionean aukera onena, eta funtsean Topoaren eta Dbus-en arteko aldaketa gune txikiak sortzea da gakoa, era honetan Topoaren eskualdeko bidaiariei hiriko zonalde ezberdinetara eta lantokietara maiztasun handiko autobusez iristeko erraztasunak emateko. EuskoTrenen sareari dagokionez, beharrezkoa den zatietan trenbidearen bikoizketak egitea eta Pasai Antxon edota Errondoko Pasealekuan Topoa hirian integratzeko soluzioak ematea askoz ere interesgarriagoa da, Kontxako Pasealekuraino zeharo behar gabekoa den metro baten eraikuntzan 200 milioi euro xahutzea baino.

Gogor salatu nahi dugu, bestalde, Eusko Jaurlaritzak inposaketa onartezin hau zuritzeko asmoz proiektuaren izena aldatu eta metroaren ordez “Topoaren saihesbideaz” hitzegiten duela, jakin badakielako metroaren egitasmoak Gipuzkoako eta Donostiako herritarren oniritzirik ez duela jasotzen: Donostian egin asmo duten pasante edo igarobidea Metroa da, ez zaitzatela engaina!

Etiquetas: