Larriki gaixo dagoen Ibon Iparragirre presoa aske uztea eskatu zen atzo Irunen

Kalera Kalera ekimenak deituta, hamarnaka lagun bildu ziren atzo Irungo epaitegien aurrean elkarretaratze batean larriki gaixo dagoen Ibon Iparragirre preso ondarrutarraren askatasuna eskatzeko.

Mobilizazioan irakurritako testua:
Berriro Madriletik Ibon Iparragirreri buruzko berri larriak iritsi dira. Lehendik ere, zori txarrez, Ibon Iparragirreren gaixotasunaren berri mingarriak jaso izan ditugu. Jakitun gara Ibonek gaixotasun sendaezin bat duela. Gaixotasun honek badu garapen progresibo bortitz bat, eta denboraren buruan Ibonen egoera gero eta larriagoa da.

Azken azterketa medikuen bitartez jakin dugu Ibon hilzorian dagoela, edozein gorabeherak eraman dezakeela heriotzara. Entzutegi Nazionaleko Forentse medikuak horrela adierazi dio Espetxe Zaintzako Epaileari. Forentse medikuak egiten duen txostenak oso garbi uzten du ez dagoela aukerarik bizitza itxaropen epea aurreikusteko, baina epe hori izan daiteke oso laburra. Sendagileak ziurtatzen duena da bere bizitzaren azken fasean dagoela Ibon.

Testuinguru honetan epaileak Alcalako medikuarengan jartzen du Ibon askatzeko ardura nagusia. Honekin, epaileak berea izan behar duen erantzukizuna ez du betetzen. Bai epaileak, bai forentse medikuak eta bai Alcalako medikuak ondo dakite Ibon azkenetan dagoela, baina hala ere ez dute hartzen hartu behar luketen erabaki zuzen eta gizalegezko bakarra: gizatasun printzipioa aplikatuz Ibon kaleratzea. Exijitzen dugu auzi hau konpontzeko irizpide juridikoak erabiltzea, eta ez irizpide politikoak.

Kalera kaleratik besarkada maitekor bana bidali nahi diegu bere senide guztiei jasaten ari diren sufrimenduaren jakitun izanik. Helarazi nahi diogu baita ere Ezker abertzalearen prestutasuna Ibonen kaleratzearen alde borrokatzeko.

Beraz, euskal jendarteari deialdi bat egiten diogu antolatuko diren mobilizazioetan parte hartu dezaten.

Ibon Iparragirre Kalera! Preso gaixo larriak kalera!

Etiquetas: