Satorralaiak abuztuaren 29an elkarretaratzea deitu du Miramarren Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluaren aurrean Metroaren pasantea gelditzea eskatzeko

Satorralaia bizilagunen mugimenduak elkarretaratzea deitu du  datorren abuztuak 29 asteartean Miramarren Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluaren aurrean Donostiako Metroaren Pasantea gelditzea aldarrikatzeko. Elkarretaratze hori goizeko 10etan egingo da, Miramar  jauregiaren Mirakontxa aldeko sarreran, Euskal Gobernuari era zeharo inposatzailean bultzatzen ari den  egitasmo honen aurkako oposizioa adierazteko eta Donostiarentzat garraio publikoko eredu egokienaren inguruan eztabaida publikoa eta erabaki prozesu partehartzaile bat ireki dezan eskatzeko.

Metroaren igarobidea egitasmo xahutzailea da. Proiektu hori eraikitzen lehenago ere saiatu zirelarik, Ana Oregi sailburu ohiak “obra faraonikotzat” jo zuen eta bertan behera utzi zen. Jaurlaritzak ezin du indarrez nahi dueña inposatu: nola hitzegin dezake herritarren partaidetzaz, hirian desadostasun nabarmena pizten duen egitasmo honen auzian gizarteak partehartu ahal izateko bide guztiak ixten dituenean?

Metroaren Pasantearen aurka aritzeko arrazoi argiak daude:

  - Donostian Metro bat eraikitzea ez da beharrezkoa: hiriak garraio publikoko sare nahiko ona du, eta desplazamenduak oinez edo bizikletaz ere eroso eta arin egin daitezke. Mugikortasuna hobetzeko badira Metroaren pasantea baino proposamen eraginkorragoak eta kostu ekonomiko nahiz inpaktu social askoz ere txikiagokoak.

  - Metroa egingo balitz, Dbus litzateke kaltetuena, eta autoen trafikoa ez luke gutxituko.

  - Hirigunean eragin handia izango luketen eraikuntza-lanak egin beharko dituzte, baita Kontxako hondartza zulatu ere.

  - Metroarekin sustatzen den hiri-eredua auzitan dago, pasanteak erdialdeko gune turistikoaren eta merkatal-denda handien inguruan eredu zentralizatzailea bultzatzen duelako.

  - Egitasmoa inolako partehartze sozialik gabe bultzatu dute, eta 9.000 donostiarren sinaduren babesarekin proiektua gelditzeko eta herri galdeketa bat egiteko eskaerari ezezkoa eman diote.

  - Etabar.

Hori denagatik, abuztuak 29 asteartean “PASANTEA XAHUTZAILEA: METROARI STOP! PARTEHARTZERIK GABE, INPOSAKETA DA” lelopean Jaurlaritzaren Miramarreko gobernu kontseiluaren aurrean egingo den kontzentraziora biltzeko dei egiten dugu. Halaber, irailak 6 asteazkenarekin, Donostiako Udaletxearen atarian goizeko 10etan protesta ekintza bat egingo dela iragartzen dugu, hain zuzen ere Euskal Gobernuak proiektu behargabeko eta inposatu honen Lugaritz-Mirakontxa tartea eraikitzeko ondasunak okupatu aurreko aktak sinatzeko deitu duen ekitaldia salatzeko.

Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

Etiquetas: