Metroaren inposaketa arbuiatu dute hainbat herritarrek Donostiako Udalbatzan

Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, hamarnaka pertsonek protesta egin dute gaur eguerdian Donostiako Udalbatzan Metroaren pasantearen proiektuaren inposaketa arbuiatzeko eta erakundeek eztabaida publikoari eta gizartearen partehartzeari uko egin diotela salatzeko. “Metroari STOP” banderolak eta kartel aldarrikatzaileak erakutsiz zutik jarri gara aretoan, udal ordezkarien artean “Pasantearen gardentasun prozesu eza dela eta” izenburupean EH Bilduk aurkeztu duen kontrol mozioa eztabaidagai izan den bitartean. Protesta ekintza honen bidez Jaurlaritzak proiektua era zeharo inposatzailean bultzatu duela eta herritarrek egitasmo honen inguruko eztabaidan eta erabakietan parte hartu ahal izateko bideak ireki daitezen Donostiako Udal-gobernuak ez duela ezertxo ere egin salatu dugu. Horrekin batera, milioi askoko kostua eta baliagarritasun sozial zalantzazkoa duen proiektu honen inguruan instituzioek nahita eragin duten nahasmendua, argudioen ordez gezurrak erabiltzea, eta Donostian garraio publikoa sustazteko ikuspegi sozial, ekonomiko eta anbientaletik egokiagoak diren alternatibak eta proposamenak aztertzeari uko egin diotela salatu du Satorralaiak

Metroaren pasanteak hirian desadostasun zabala pizten du. Hori egiaztatatu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aginduz egin den “soziometroan”  Metroaren egitasmoak herritarren artean jaso duen aldekotasun eskasak. Halaber, atzo arratsaldean Koldo Mitxelenan  “Metroaren pasantea eta hiri-eredua Donostian” gaiari huruz egindako mahai inguruan jendeak aretoa lepo bete zuen, afera honek hirian sortzen duen kezka eta ezbai zabalaren lekuko.

Bukatzeko, Donostiako bizilagun eta talde sozial guztiei maiatzak 29 astelehenean egingo den bizilagunen batzarrera elkartzeko animatzen diegu, arratsaldeko 7etan, Amarako eskoletan (sarrera Larramendi kaletik). Egitasmo inposatu eta behar gabeko honen inguruan eztabaida eta oposizio ekimenak antolatzen segituko du Satorralaiak.

Donostian Metroa gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

Etiquetas: