Pasaiako AZTIren biltzarrak ( ELA sindikatuak gehiengoa duen komitea) azaroan greba egitea onetsi du, Zuzendaritzak hitzarmen bermatu berri baterako akordioa lortzeko duen itxikeria dela-eta.
AZTI Fundazioko Zuzendaritzak bake soziala hautsi zuen 2016an, indarrean zegoen hitzarmena bertan behera utzi baitzuen, soldatak 10 urtez izoztea eta antzinatasun-hirurtekoak kentzea proposatzean. Elkarrizketa-bideak eta PRECOren bitartekaritzaren aukerak agortu ondoren, AZTIko langileek eta Zuzendaritzak ez dute akordiorik lortu, lan-hitzarmen berri bat sinatu ahal izateko.
Soldatak bost urtez izozturik egon ostean, langileen eskakizun nagusiak hauek dira: eroste-ahalmenaren galera mugatzea —soldatak KPIren arabera eguneratuz—, lanpostuak eta baldintzak mantentzeko berme-klausulak sartzea, eta hitzarmenaren aplikazioa ziurtatzeko bermeak.
Antolakundeak 2016 eta 2017. urteetan diru-emaitza onak eman baditu ere, Fundazioko eta bere Patronatuko Zuzendaritzak —Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politika sailburuorde Bittor Oroz ardurapean— uko egiten dio soldatak eguneratze edo igotzeari, ez badago loturik fundazioaren diru-helburuekin. Gainera, fundazioak ahoz lanpostuei eusteko asmoa duela dioen arren, de facto hitzarmen berrian ez dute horri buruzko klausularik sartu nahi, “giderrak eskuetan edukitzeko”. Hori horrela, fundazio horrek ez du bazter utzi lan-erreformaz baliatzea, Eusko Legebiltzarrak berak arbuiatu badu ere.
Beraz, 2012az geroztik nagusi den prekarizazio-bilakaera geldiarazteko, eta lan-harremanak zuzenagoak eta duinagoak izan daitezen, Pasaiako AZTIko langileen biltzarrean greba egitearen alde bozkatu da. Deialdia azaroaren 2 eta 3rako izan da.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1058 irakurketak
- Castellano