Metroaren desjabetzak eteteko eskatu dio Satoralaiak Jaurlaritzari

Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, alegazioen entrega kolektiboa egin da gaur goizean Eusko Jaurlaritzan, Donostian Metroaren Pasantea eraiki asmoz Antigua aldean abian jarri duen desjabetza prozedura eten dezala eskatzeko. Bizilagunen mugimendu  honek egindako deiari erantzunez, gaurko ekimenean 300dik gora alegazio entregatu dira, eta beste hainbat herritarrek alegazioak ere aurkeztu dituzte azken egunotan, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzari gure hirian desadostasun zabala pizten duen Metroaren Igarobidearen proiektua geldi dezala eta desjabetza prozedura hau eten dezala eskatzeko. Halaber, Donostiako Udalari 104 bizilagunek izenpeturiko eskaera aurkeztu diogu, herritarren alegazioak aztertzeko eta desjabetze prozedura eteteko eskaerarekin bat egin dezan eskatzeko. Alegazioak aurkeztu ahal izateko epea gaur amaituko da.

Alegazioetan salatzen dugunez, Metroaren Pasanteko lehenengo desjabetza prozedura honek Antiguan hartzen dituen jabari publikoko eremuen okupazioak herritar guztion ondare komuna diren hainbat ondasunei kalte egiten die, hala nola Benta Berri Polikirolegiaren ondoan erabilpen handia duten ekipamendu komunitarioko jolas-eremuak, Benta Berriko Plaza, Zarautz etorbideko eta Eugenio Imaz kaleko bide publikoak, Pio Paroja Polikiroldegiaren alboan dagoen Izurun Plaza, baita Aizkorri kalean eta Mikelete Pasealekuan kalteturiko sail txikiagoak ere. Gainera, planteaturiko nahitaezko desjabetzapenak ez dira bidezkoak, Metroaren Pasanteak ez duelako beharrizan sozialari dagokionez behar bezalako justifikaziorik, ezta zuzenbidez behar bezalako legezko babesik ere:
  -Batetik, Itsasertzetako Zerbitzuak irailaz geroztik eman gabe duen ebazpenak Metroaren igarobidearen proiektu osoaren bideragarritasuna baldintzatzen du.

  -Proiektuak ez du behar den bezala Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluaketaren prozedura bete.

  -Metroaren Pasantearen proiektua ez dago jasota indarrean dagoen Euskal Autonomi Erkidegoko Trenbideen Lurralde Plan Sektorialean, ezta Donostiako hirigintza plangintzan ere.

  -Azkenik, gizartearen parte hartzeari erakundeek jarritako oztopoak eta Donostian garraio publikoa sustatzeko dauden beste alternatiben aurrean lurrazpiko Metro bat eraikitzeko erabakiaren justifikazio falta nabarmentzen ditugu. Ildo honetan, Ana Oregi sailburu ohiak ezezik, Arantxa Tapia egungo sailburuak ere Metroaren Pasantea behin baino gehiagotan auzitan jarri zuela gogora dakargu alegazioetan, eta Donostiako 2008-2024 Mugikortasun Jasangarrirako Planak ez duela Metroaren Pasantea inondik ere aurrikusten. Aipaturiko proposamen eta adierazpen instituzionalek auzitan jartzen dute beraz Metroaren igarobidearen egitasmoa, eta garraio publikoa hobetzeko proposamen eraginkorragoak eta kostu ekonomiko nahiz inpaktu sozial askoz txikiagokoak badirela erakusten dute, eztabaida publikoa zabaltzeko premia agerian jartzen duten bezalaxe.

Gauzak horrela, Satorralaiak gogor salatu nahi du Eusko Jaurlaritzak egitasmo defendaezin honen inguruan bereganatu duen jarrera inposatzailea. Herritarren zati handi bat Metroaren Pasantearen aurka dago, eta desadostasun zabal honi entzungor eginez aurrera jarraitzea onartezina dela uste dugu

Etiquetas: