Behar ez dugunetik murriztu dezatela!

AHTgelditu! elkarlana.- Gaur jendarte laguntzetan egiten ari diren murrizketen aurka hainbat lagunek 7. gose greba eguna bete dute.  Beste hainbat lagunek elkarretaratzea egin dugu “Behar ez dugunetik murriztu dezatela, jendarte eskubideen alde, Abiadura handiko trenari ez” lelopean, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean.

Elkarretaratze honetan abiadura handiko trenak eragiten duen diru xahuketa irudikatu dugu 500 euroko billeteak estoldara botaz. Diru xahuketa, egun, trenaren eraikuntzan eta etorkizunean, martxan jarriz gero, diru-kutxa publikotik ordainduko den mantentzean egingo da.

Ez da ulergarria, ezta onargarria ere, DsBE (RGI)-an egin nahi duten murrizketa berria. Lanbidearteko gutxieneko soldatari lotua egon izan da eta orain, komeni zaielako,  ez lotzeak txirotasuna areagotuko du txiroenen artean.

Ongizate jendartean bizi garela sinetsarazi nahi digute eta DsBE-k (RGI) pertsona txiroenen arazoak konpontzen dituela. Baina hori gezurra da, egun indarrean dauden diru-laguntzak ez dira nahikoak eta hori ez diogu hilean 625 eurokoa den diru laguntza sarrera bermatzeko errentagatik bakarrik. Baliabiderik gabeko pertsona batzuk DsBE gabe uzten dituzte edo kendu egiten diete. Badira erabateko txirotasunean dauden pertsonak eta ez dute diru-laguntzarik edo jasotzen dituzten laguntzak urriak dira. Aipatzekoak dira halaber independizatzeko beharra izanik ere gurasoen etxean jarraitu beharra duten milaka gazte, horretara bideraturiko diru-laguntzarik ez dagoelako, etab.

Diru xahuketak aurrera jarraitzen duen bitartean, 2017rako aurreikusi dute abiadura handiko trenaren eraikuntzarako 600 milioi euro bideratzea eta hori obrak amaitzeko gelditzen denaren zati txiki bat baino ez da. Diru xahuketa honi euskal Y mantentzeak izango duen kostua gehitu behar zaio, urtean 50 milioi euro baino gehiago ipini beharko dute diru-kutxa publikoek.

600 milioi horiek, edota horien zati bat Madrilek ordaintzen duela esango digute. Baina, jaunak, hori horrela bada, Madrilera diru eske joaten zaretenean zergatik eskatzen duzue AHTarentzako dirua, eta ez hezkuntza, osasuna edota jendarte diru-laguntzetarako? Murrizketak pertsonen premiak asetzera bideraturiko diruan egiten ari zarete.

AHTak esleipenen mundu ilunean mugitzen diren eraikuntza enpresentzako soilik dakartza mozkinak. Ez du enplegurik sortzen, prekaritatea sortzen du atzerritarren kontratazioa erabiltzen baitute bertako lan-hitzarmenak saihesteko.

Espainiako Estatua Europan abiadura handiko kilometro gehien duen Estatua da eta mundu mailan Txina da kilometro kopuru hori gainditzen duen Estatu bakarra. Abiadura handiko trenak aberastasuna dakarrela egia balitz emaitza bestelakoa litzateke, Espainiako Estatua Europa mailan soldaten rankig-ean beheko mailan eta langabezi ehunekoan goiko mailan baitago.

AHTa herri honetan inoiz egin den azpiegiturarik handiena eta garestiena da eta ez du errentagarritasun ekonomiko ez sozialik.

AHTak ingurugiroa erabat suntsizen du eta energia argiki xahutzen du.

Baina baliabide ekonomikoez gain, AHTak energia kopuru handia eskatzen du eta energia hori sortzeak kutsadura handia sorraraziko du era berean. Boroako (Zornotza-Bizkaia)  eta Castejoneko (Nafarroa) Zentral termikoak eta Gueñes-Itsaso arteko autopista elektrikoa AHTa asetzeko dira eta helburu bera du egun pil-pilean dagoen energia nuklearraren onurei buruzko eztabaidak.

AHTa espekulatzaileentzako zinezko pagotxa da. Hiriburuetarako sarbideen bidez, Bilbokoa kasu,  tartaren zatirik goxoenak izango diren espazioak eskuratu nahi dituzte. Hirigintza espekulazioa dute helburu eta diru publikoa esku pribatuetan jarri nahi dute.

AHTak hurbil dagoena urrundu eta urrunekoa hurbiltzen du. Azken finean sustatzen duen bizimoduak, aurrekontuak, lurraldea eta energia iturriak arpilatzeaz gain, bertakoa zein harreman sareak eraldatzen ditu.

Honengatik guztiarengatik AHTaren ERAIKUNTZA GELDITZEA eta orain arteko politikan aldaketa eskatzen dugu, pertsonak erdigunean ipiniz eta natura errespetatuz eredu jasangarria sortzeko. NATURA GURE ARDURA.

ESKUBIDE SOZIALEN DEFENTZAN APIRILAK 1 ARRATSALDEKO 5:30ean BILBOKO BIHOTZ SAKRATUTIK IRTENGO DEN MANIFESTAZIOARA JOATEKO DEIALDIA EGITEN DUGU.

Etiquetas: