Onekak emakume penstionistek jasatzen duten indarkeria salatzen du

Oneka Plataforma osatzen dugun emakume nagusi eta feministek, gogor salatu nahi dugu, emakumeek, orokorrean eta gure kolektiboak, bereziki, jasan behar duten indarkeria. Egoera horri aurre egiteko, gure konpromiso tinkoenarekin borrokatuko dugula adierazi nahi dugu.

Onekaren lehenengo asanblada egiten ari garen honetan eta azaroaren 25a, emakumeen indarkeriaren aurkako Nazioarteko eguna hurbil dagoenez, gaitzespen osoa adierazi nahi dugu gure kolektiboko hainbat emakumek jasaten duten indarkeriaren aurrean.

Emakume izatea eta horrez gain, adinekoa ba da, indarkeriaren biktima izateko arrisku taldean murgiltzen gaitu. Era askotako indarkeria izan daiteke: irainak, bazterketa, diruaren kontrola, sexu indarkeria eta azken muturreko menpekotasun ezaugarri bezala, hilketa. Adineko emakumeak dira, bereziki, egoera hauek pairatzen dituztenak eta beraien senar, bikote eta seme alabengandik, baita batzuetan bere zaindariengandik ere, era guztietako gehiegikeriak jasan behar dituztenak.

Kanporatua izan behar duen arazo ikusezina. Adineko emakumeak gara, geure burua defendatzeko arazo larrienak ditugunok, geure sinesgarritasuna ezbaian jartzen delako, salatzeko orduan beldurraren menpe geratzen garelako, geure lotsak eta ahuldadeak, isiltasunera bultzatzen gaituztelako Guzti hau gainditze aldera, derrigorrezkoa dugu, kalera irtetea, egunerokotasun sozial eta politikora, salatzea eta pertsona guztien bizitza duintzea, batez ere sufritzen duten emakumeena.

Adineko emakumeek jasaten duten indarkeria, lehentasun politikoa izan behar da. Mugimendu feministaren borroka eta salaketari esker, emakumeen aurkako indarkeria kanporatzea lortu dugu, gizarteratu egin dugu, agenda politikoetan eta Instituzioen helburuetan lehentasuna izan dezan lortu dugu. Ala eta guztiz ere, badago emakume talde handia, indarkeria hau, oraindik ere, era ezkutuan bizi duena: ADINEKO EMAKUMEAK osatzen duen kolektiboa. Indarkeria mota hau agenda politikoen lehentasuna izan dadin, tinko borrokatuko dugu eta Instituzioei eskatzen diegu bide horretatik lan egin dezaten.

Gaurko Pentsioen Sistema, emakumeen lan banaketa sexista eta diskriminatzailearengan oinarritzen da. Emakumearen lan munduratzeak ez dio ekarri, inondik ere, ez soldata berdinketarik, ezta pareko lan baldintzarik, ez zaintza arduren banaketa justurik. Egoera sexista honen ezaugarririk argiena, soldaten arteko arrakala da eta horren ondorio larriena ez da soilik eguneroko ekonomian pairatzen duena, okerrena etorkizuneko pentsioaren arrakalan nabarituko du.

Pentsioen arrakala Seguritate Sozialeko 2018ko martxoaren datuen arabera, emakume gehienek, alarguntza pentsioa kobratzen dute. Gizonek, aldiz, jubilazio eta ezintasun iraunkorreko pentsioak jasotzen dituzte. Lortu ditugun azken datuen arabera (2018ko urria) Euskal Erkidego Autonomoko gizonen jubilazio pentsioa, emakumeena baino %69 handiagoa da. Nafarroan, Seguritate Sozialaren datuen arabera, gizonen jubilazio pentsioak, emakumeenak baino %65,38 handiagoak dira.

Emakume nagusiek bizi dituzten pobrezia eta prekarietate egoera hauek, arestian aipatu ditugun indarkeria egoerak erraztu egiten dituzte. Laburbilduz, salatu nahi dugu, MISERIAZKO PENTSIOEN ondorioz, emakume nagusi askok eta askok pairatu behar duten prekarietatea, pobrezia, bazterketa eta bakardade egoera. Horri gehitzen badiogu zerbitzu publikoen eskasia eta baliabide murrizketak, emakume guzti hauek BABES GABEKO egoeran geratzen dira.

Gure helburua eta gure borroka, indarkeriarik gabeko bizitza da, prekarietatea eta pobrezia gaindituko dituen pentsio duina jasotzea, bizitza duina eta askea izatea, ez gehiago ezta gutxiago ere.

Etiquetas: