Satorralaiak Donostiako Metro-pasantearen aurkako manifestazioa deitu du ekainaren 2an

Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako Metro-pasantearen aurkako manifestazioa deitu du ekainaren 2an, hain zuzen ere  Eusko Jaurlaritza obra hirian modu latzean hedatzen ari den egungo egoeraren larritasunari behar den indarrarekin erantzuteko. Egitasmoa atzera bueltarik gabekoa bihurtu nahian ari direla salatzen dugu. Izan ere, Metroaren lurpeko zulaketa lanak makina “errozadora” batekin hastear daude Pio Barojako Polikiroldegiaren ondoan eta horrek alarma piztera eramaten gaitu –Pio Barojako “eraso arrapalada” hortatik abiatuz Metroaren ibilbidea Kontxaren eta Antiguaren azpitik zulatzea aurrikusten du proiektuak –; aldi berean Bentaberriko Plazara, Morlans, Autonomia kalea eta Errondoko Pasealekura hedatu dituzte lanak, eta Zarauzko Etorbidean obrarako beste sarbide-tunel baten “ahoa” prestatzeko indusketa lanak egiten jarraitzen dute.

Metroaren obra kaltegarri hau geldituko badugu berehala mobilizatu beharrean gaude, egitasmoari eusten dioten alderdiek presioa senti dezaten. Satorralaiaren iritziz, EAJ da herritarren artean arbuio zabala jaso duen egitasmo honek modu fatidikoan aurrera jarraitzearen erantzule nagusia. 2015 urtean udal eta foru hauteskundeak irabazi zituenetik proiektua berriro abian jarri zuen, eta hutsean utzi du Ana Oregi sailburuak jatorriz PSOEk bultzatutako egitasmo hau “obra faraoniko”tzat jo eta geldiarazi zuenean Donostian garraio publikoko soluzio egokienaren inguruan gizarte-eztabaidari eta partehartzeari ateak zabaltzeko hitzeman zuen konpromisua. Geroztik, Eusko Jaurlaritzak era zeharo inposatzailean sustatu du proiektua, Metroaren pasanteak hirian pizten duen desadostasun zabala erdeinatu du, eta zentzugabeko egitasmo hau zuritu nahian argudio faltsuak erabili ditu. Besteak beste, Amarako geltokia “fondo de saco” gisakoa den aitzakian kendu egin behar dela esaten du Topoaren maiztasunak handitzeko, baina jakina da EuskoTrenen eraginkortasuna mugatzen duten arazo larri eta premiazkoenak beste batzuk direla, trenbideak bikoiztutako zati nahikorik ez duelako Herreratik ekialdera eta Errekaldetik mendebaldera. Halaber, herritarren partaidetzari eta eztabaida publikoari ateak irekitzeko nahiz egitasmoa gelditzeko eta herri galdeketa bat egiteko eskaera guztiei ezezkoarekin erantzun die sistematikoki. Finean, Jaurlaritzak horrela jokatu badu, proiektu hau defendatzeko argudio seriorik ez duelako eta herritar askok eta askok Metroaren pasantea onartzen ez dutela jakin badakielako da.

Garaiz gaude oraindik, baina obra honen aurkako iritzia dugun pertsona guztiak mugitu behar dugu. Satorralaia informazioa eta mobilizazioa bultzatzen hasi zenetik, hirian kalte handiak eragingo lituzkeen proiektu behar gabeko honen kontrako oposizioa gizarteratzea lortu da. Gaurregun mobilizazio sozialak gora egiten ari dira –miseriazko pentsioen eta prekarietatearen aurka, mugarik gabeko turistifikazioaren ondorioak direla eta, etab.—eta aldarrikapen horiek badute Metroaren pasantea bezalako azpiegituren eraikuntzarekin gizarte arloko premien kaltetan egiten den etengabeko xahuketaren salaketarekin zerikusia. Honi dagokionean, obra hau baliabide publikoen xahuketa bat dela nabarmentzen dugu –200 milioi euroko kostua izango du gutxienik- Dbusen izango lituzkeen ondorio kaltegarriekin batera –metroarekin Dbusen linea eta zerbitzu ugari murriztea aurrikusten baita Eusko Jaurlaritzaren txostenetan, hiriko garraio publikoaren galera horrek Donostiako bizilagun askoren egunerokoan eragingo lukeelarik. Egitasmo honek ez du interesik garraio publikoa hobetzeko dauden bestelako aukera eraginkorrago eta kostu ekonomiko askoz ere txikiagokoen aldean. Auzitan dago Metroaren pasantearekin sustatzen den hiri-eredua bestalde, egitasmoak eredu zentralizatzaile bat bultzatzen duelako Erdialde-Kontxako zonalde komertzial eta turistikoaren inguruan, eta horrek Donostian nozitzen ditugun hiriaren merkantilizazioa, turistifikazioa eta espekulazioa are gehiago sustatuko dituelako  kolektibitatearen kaltetan.

Hori denagatik, Satorralaiak bizilagun eta talde sozial guztiei dei egiten die Donostiako Metroaren pasantearen aurkako erantzunari bultzada berri bat emateko eta eskatzeko:    

    -Obrak geldi daitezela.

    -Obra honen diru-partidak jendarteak une honetan dituen premia bizienak asetzera zuzendu daitezela.

    – Donostiarentzat garraio pulbikoko eredu egokienaren inguruan informazio eta herritarren partaidetzan oinarrituriko erabaki prozesu bat abian jar dadila

Manifestazioaren aurretiko ekintzak:

    –“Zer Metro?” bideoaren aurkezpena eta hedapena: Gizarteko arlo ezberdinetan aritzen diren hainbat pertsona ezagunek Metroaren pasantearen aurkako iritzia adierazten dute bideoan. Hiriko auzo guztietan bideoaren emanaldiak antolatzeko laguntza eskatzen dugu.

    –Txosten tekniko baten hedapena: Azterketa-lan horrek Donostiako Metro-pasantearen eraikuntzari eman dioten lehentasuna auzitan jartzen du eta inbertsioak Topoaren eta EuskoTrenen egungo trenbideen segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzera zuzendutako helburuetara bideratzea eskatzen du.

    -Maiatzak 10 Osteguna: Mahaingurua “Garraio Publikoa eta Metroaren pasantea: Lehentasuna ala xahuketa?” gaiaren inguruan. Partehartzaileak: Juan Ramon Ferrandis (Plataforma de Defensa del Ferrocarril erakundeko koordinatzaile eta CGTko kidea), Oskar Bordes (EuskoTreneko langilea, LAB sindikatua), Iosu Iribar (Dbus-eko KURPIL langileen elkarteko kidea) eta Ainhoa Elgezabal (TSST – Lurraldebuseko langilea) izango dira. Arratsaldeko 7etan “Karmelitas”en parrokiako zine aretoan (Pedro Egaña eta Easo kaleen izkiñan dago hori, EuskoTrenen Amarako geltokiaren ondoan).

    -Maiatzak 12 Larunbata: Parodiazko “Bisita turistikoa” Metroaren pasanteak hiriaren erdialdean eragingo lituzkeen kalteak salatuz. Irteera eguerdiko 12etan Easo Plazako kioskotik.

    -Maiatzak 21 Astelehena: Batzarra arratsaldeko 7etan Amarako eskoletan (sarrera Larramendi kaletik).

    -Dbus-en eta Topoan ekintza informatiboak.

    -Maiatzak 26-27 asteburuan: Bizikleta Martxa eta kirol elkarteekin aldarrikapen ekintzak Antiguan.

    -Maiatzak 29 Asteartea: 10 orduko enkartelada, ordu beteko txandak eginez eta talde sozial desberdinen partehartzearekin

    -Ekainak 2 Larunbata: MANIFESTAZIOA

Beraz, ekainaren 2ko manifestaziora biltzeko eta aurretik egingo diren informazio eta salaketa ekintzetan partehartzeko dei egiten diegu herritar guztiei.

Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

Etiquetas: