AHTaren aurkako Bizi Martxaren bigarren kronika: Tafalla-Iruña (27, ostirala)

Gaur goizean Tafallako Baigorri elkartean gosalduta eta pista harritsu eta malkartsuetan barrena ibili ondoren, Barasoain herrira heldu gara hamaiketakoa egitera. Gerora, Soltxaga herriaren inguruko erromatar garaiko olio dolarea bisitatu eta Oloriz herritik pasata, Muru Artederretako estazio elektrikoan gelditu gara. Bertara Carstejongo zentral termikoetatik datozen 400.000 V-ko linea elektrikoak heltzen dira. Egun, autopista elektrikoen bi proiektu, herri oposizioarengatik baztertuak izan ondoren, hirugarren bat egiten saiatzen ari dira administrazio autonomiko zein zentrala Red Electrica Españolaren interesen mesedetan. Oraingo honetan prozesu partehartzaile faltsuaren bitartez. Hortik ere Alaitz mendikatean dauden kareharri harrobi erraldoiak bertatik bertara ikusteko aukera izan dugu. Harrobi hauetatik azken berrogei urteotan izandako Nafarroako proiektu suntsitzaile guztiak sortu dira: autopista eta autobia guztiak, Itoizko urtegia, Nafarroako ubidea eta ezbadugu gelditzen AHTa ere hortik sortzen saiatuko dira.

Biurrun herrian bazkaldu dugu, bertakoek prestaturiko otordu ederra. Bazkaldu ta gero, Xabier Zubialde, Sustrai fundazioko kideak Nafarroako plan energetikoari buruz mintzatu zaigu. Nafarroako egungo gobernua sustengatzen duten lau indarrek bultzatutako proiektu honek zentral eoliko erraldoiak eta auto elektrikoaren sustapen masiboa dute helburu. Horretaz landa, ez du Castejongo zentral termiko ezlegalak ixteko ahaleginik egiten. AHTk behar duen energia kopuru ikaragarria ere azpimarratu du, eta diskurtso ofizialak gai honen inguruan darabilzkien argudio faltsuak salatu ditu.

Biurrundik abiatuta, Getze herriko erreka bazterrean gelditu gara Garesen udalaren autogestio energetikoa helburu duen proiektu interesgarriaz mintzatzeko Energia gara-ko kide baten eskutik.
Paraje horretan , zuhaitzetan europear kastoreak marruskatutako hainbat zuhaitz enborrak bertatik bertara ikusteko parada izan dugu. Eskirotz herria zeharkatu ondorenean Iruñeko mugara heldu gara, Iruñeko txirrindularien harrera ona jasoaz. Handik gutxira eta Iruñeko hainbat kaletatik pasata, alde zaharreko Maravillas gaztetxera heldu gara. Bertan De Viaje taldearen kontzertuarakin gozatu ondoren afari ederra dastatu dugu egunari amaiera ezin hobea emateko.
Bihar Iruñerriko hiri ibilbidea eginda Irurtzunera hurbilduko gara gaua pasatzera. Iruñeko AHTaren oposizioari dei egiten diogu gurekin batera kilometro hauek egiteko.

Etiquetas: