Abotsanitz.- Iristear dira herriko jaiak, eta azken urteotan egin izan dugun bezala, Alardeari buruzko gogoeta plazaratu nahi dugu Abotsanitzeko kideok aurten ere. Urte berezia izan da, udal hauteskundeak izan direlako. Gure programan argi azaldu genuen ez dugula jarrera absolutistarik hartuko, konponbidera eramango gaituen prozesuaren aldeko jarrera baizik. Ez dugu elikatu nahi “garaile eta galtzailearen” dikotomia. Prozesu bateratzaile batean sinisten dugu, hondarribiarren ondarea den Alardea herritar denona egiteko balioko duen prozesuan, hain zuzen ere. Eta uste dugu gure proposamen honek herritar multzo handi baten babesa jaso duela, udalean oposizioko lehen lekua indartuz eta zinegotzi bat gehiago lortuz.
2018ko irailaren 8an izandako gertakariek eragin handia izan zuten hondarribiar guztiengan. Denok galdu genuen, Hondarribiak galdu zuen. Baina beste batzuetan gertatzen den bezala, gertakari haiek urrats berriak emateko bidea ireki zuten. Gatazkaren konponbiderako bidean, benetako lanketa bati hasiera eman zitzaion lehendabizikoz, Gipuzkoako Aldundiak abiatutako Mintzalardea prozesua. Kontutan hartu behar da elkarrizketan aritzeko ohitura galdu duen herria garela. Bi hamarkada hauetan zehar ez gara gai izan elkarrekin hitz egiteko, mina elikatuz. Eta Mintzalardeak prozesuak sentimendu-iritzi-jarrera asko mugitu zituen. Badakigu batzuentzako oso gogorra izan zela; eta beste batzuentzako, berriz, askatzailea.
Mintzalardetik jaso zen diagnostikoa ez zen izan espero genuen bezain itxaropentsua: “Hondarribia ez dago oraindik elkarrizketa prozesu baterako prestatuta”, esan du Iñigo Retolazak, eta Jenny Pearce antropologoak eta bake prozesuetan adituak, geroago berretsi izan du, azken hilabeteetako lanketaren ondorioz. Nolanahi ere, Abotsanitzentzako hau ez da amore emateko arrazoia, eta lehen baino kementsuago jarraituko dugu lanean. Hasiera batean ibilbide motza izan zuen prozesua izan zela zirudien arren, benetan sinistuta gaude lan klabea egin zela momentu hartan, eta bere fruituak orain ikusi dira. Ekimen horren ondorioz udaberri eta uda erdira arte buru-belarri jardun dugu lanean hainbat eta hainbat eragilek. Egia da ez dela adierazpen bateratu bat lortu aurten, baina Alardearen ospakizunean parte hartzen duten eragile guztiak zein beste hainbat eragilek lanean jardun dugu, denak norabide berean arraunean, eta hori oso positiboa dela uste dugu.
Baina Abotsanitzek herritarren boterean sinesten du, batez ere; eragileek beraien garrantzia dute, zalantzarik gabe, haiek baitira gatazkaren aldeak irudikatzen dituztenak. Baina urteak daramatzagu esaten, gure lanketa xume eta propiotik eta jende askorekin hitz egin eta gero, badela tartean dagoen herritar multzo handi bat, masa grisa deitzen dioguna. Gazteak dira neurri handi batean talde hori osatzen dutenak. Kolektibo honen gehiengoak ezin izan du Hondarribiko jaiez modu sano batean disfrutatu. Gazte hauetariko askok belaunaldien arteko elkarrizketa baten beharra dute. Helduok gara egoera hau beraiei utzi izanaren erantzule, askotan beldurragatik, mina eta gorrotoa elikatu duten isiltasunari eutsi izatearen arduradunak. Belaunaldi berriei entzuteko ordua iritsi da.
Herritarren arteko elkarrizketa librea sustatu behar dela uste dugu. Elkarrizketa horiek sare berriak sortuko dituzte, eta modu natural batean eraikiko diren lidergo berriak agertuko dira. Urteetako gatazkaren zama gainean ez daramaten liderrak izango dira, elkarrizketari eta negoziazioari eusteko libreagoak izango direnak, garaile eta garaituaren dikotomiatik at jardungo duten pertsonak. Bada garaia barruan duguna askatzen hasteko. Elkarrekin hizketan hasteko. Bada garaia gune seguruak eratzeko, bakoitzak bere bizipenak “parean” duenari modu libre batean esan ahal izateko. Espero dugu Hondarribiko udal-gobernu taldea honen garrantziaz konturatu izana, eta baliabideak jartzea espazio hauek sortzeko eta, bide batez, alde guztiak onartu eta jasotzeko.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 601 irakurketak
- Castellano