Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten kontrako epaiketa burutzen ari den honetan gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu kataluinako herriari, ez baita erraza bizi duten egoera nahasia eta eskubideen urraketa etengabea.
Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten egoera kontuan harturik, honako aldarrikapenak egin nahi ditugu:
- Berehala aske uztea preso dauden buruzagi sozial eta politiko subiranista katalanak, haien espetxeratzea bidegabea delakoan. Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Sànchez, Carme Forcadell, Jordi Turull, Raül Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull eta Joaquim Forn aske nahi ditugu.
- Salbuespenezko bide judizial, juridiko edo prozesalak indargabetzea, 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako kausa guztiak bertan behera utzita.
- Elkarrizketari eta negoziazioari ekiteko deia, herritarren borondatearekiko begirunean eta balio demokratikoetan oinarritutako konponbide politikoa posible izan dadin. Konponbide politikoari ireki behar zaio bidea, herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea oinarri hartuta.
Gure ustez, elkartasuna, askatasun demokratikoen eta eskubide zibil eta politikoen defentsa, bide errepresiboekiko arbuioa, eta herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea oinarri duen konponbide politikoaren aldeko jarrera gure gizartearen gehiengo zabalak partekatzen dituen oinarriak dira. Uneotan, defendatu eta sendotu beharreko oinarriak dira.
Eskubide zibil eta politikoen eta askatasun demokratikoen defentsarekin herritarron konpromisoa areagotzeko garaiak bizi ditugulakoan gaude. Haize autoritario eta intoleranteen aurrean, kultura demokratikoan sakontzea eta elkartasuna lantzea dagokigu. Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere. Demokrazian, bozkatzea ezin da izan delitu, konponbide baizik. Demokrazian, ezin da epaitu demokrazia.
Horregatik epaiketa hori denon kontua dela deritzogu. Batetik, prozesu judizial horrek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako, eta beraz, denon eskubide zibil eta politikoak jartzen dituelako jokoan. Eta bestetik, erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu nahi dutelako. Azken batean, erabakitzeko eskubidearen kontrako epaiketa bat delako: herrien autodeterminazio eskubidea ukatu nahi duen epaiketa. Horren aurrean, gure burua demokratatzat dugun guztiok bat egin behar dugu, bai epaiketaren aurrean, baita eskubide zibil eta politikoen urraketa guztien aurrean ere.
Ezin dugu ukatu epaiketa horretan gertatuko denak aurrekari bat utziko duela etorkizunari begira. Euskal Herritik begira beraz, asko dugu jokoan. Erabakitzeko eskubidearen alde gaudenok, asko dugu jokoan. Mugi gaitezen!
Konponbidea, demokrazia eta askatasuna. Solució, democràcia i llibertat.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 706 irakurketak
- Castellano