Via Irun eta prozesu parte hartzailea

Vías de trenEH Bildu.- Via Irun, edo Irungo tren eremua berreskuratzeko proiektua, guztiz estrategikoa da Irunentzat, eta hori dela-eta horren inguruko prozesu guztia arduraz eta era egokian gauzatzearen garrantzia nabarmendu nahi dugu. Ezaguna da, EH Bilduk herriaren benetako parte hartzea bultzatu duela beti, are gehiago hain estrategikoak diren proiektuen inguruko erabakietan.

Egia da udalak Via Irun-en inguruko prozesu parte hartzailea martxan jarri duela (gogoratu behar dugu EH Bilduren ekimenez izan zela, udalaren asmoetan herritarrek ez baitzuten hasieratik parte hartzen). Baina, herritar eta elkarteentzat aurreikusita zeuden saio presentzialak bukatu direnean, bertan parte hartu duten hainbat elkarte eta norbanakok saio horiek motz geratu direla nabarmendu dute. Horretaz gain hainbat elkarteek (auzo elkarte, talde ekologistak, kirol elkarte….) prozesu presentziala luzatzea eskatu dute, horrelako gai garrantzitsu bat lasaitasunez eta era sakon batean landu behar baita.

Badakigu webgunearen bidez ekarpenak egiteko aukera zabalik dagoela oraindik, baina horrek ageriko mugak ditu: Herritarrek euren ekarpenak bidal ditzakete baina ez dago ideiak elkar trukatzeko, eztabaidak sustatu eta adostasunetara iristeko espaziorik.

Esan bezala, Via Irun proiektua oso garrantzitsua da, guztiz estrategikoa da eta Irungo herritarrek parte hartze aktiboa izan behar dute bertan. Ez dugu proiektu pertsonalistarik nahi, Irundar guztiona izango den proiektua baizik eta horretarako, ezinbestekoa da prozesu parte hartzailea luzatzea, saio presentzial gehiago burutuz.

Etiquetas: