Abotsanitz.- 2017an udal gobernuak Aitor Elorzaren enpresa nahierara kontratatu zuen, eguneko 160 euro ordainduz. Gerora, 76 eurora jaitsi zuen eskaintza, konpetentziarekin lehiatu ahal izateko.
Montai enpresak Hondarribiko Udalari 10.000 euro baino gehiagoko gainkostua eragin zion 2017 urtean, baserritarren azokako lanengatik. Urte hartan EAJren gobernuak Aberri Buru Batzarreko kide eta Itsasondoko zinegotzia zen Aitor Elorzaren enpresa taldeari nahierara esleitu zizkion lanak, beste aurrekonturik eskatu gabe. Hain zuzen ere, asteazken eta larunbatetako azoketako postuen muntaketa eta desmuntatze lanak ziren Montaik egin beharrekoak. Enpresak 20.134 euro (BEZa barne) fakturatu zituen, hau da, 160 euro (BEZa gabe) eguneko.
Hurrengo urtean gauzak aldatu ziren, Ingurumen udal departamentuari konpetentziako beste enpresa baten aurrekontua iritsi zitzaiolako. Events Onddar2ren prezioa askoz baxuagoa zenez, 75 euro eguneko, arloko teknikariak 2018ko lanak enpresa horri esleitzea proposatu zuen. Eta horrela egin zen. Urte hartan hondarribiarrek aurreko urtekoaren erdia baino gutxiago ordaindu zuten azokako lanengatik, ia 11.000 euro gutxiago.
Gainera, guztiz ezohikoa den gauza bat gertatu zen. 160 euroko eskaintza egin eta gero, Montaik bigarren eskaintza bat egin zuen, %25 baxuagoa zena, 120 eurokoa. Kontraofertak egitea guztiz ohiz kanpokoa da kontratazio publikoetan, erabat debekatuta dagoelako enpresa batek konpetentziak aurkeztu duen prezioa ezagutzea. Kasu honetan baina, badirudi norbaitek Montairi jakinarazi ziola, aurreko urtean ez bezala, beste enpresa batek merkatuko lanak egiteko aurrekontua aurkeztu zuela.
2018 urte bukaeran hiru izan ziren 2019ko asteazken eta larunbatetako azoketako muntaketa lanak egiteko aurrekontua aurkeztu zuten enpresak: Montai, Events Onddar2 eta Mendibil. Events Onddar2k aurreko urtekoarekiko igoera txiki bat egin zuen, eguneko 75,5 euroko prezioa aurkeztuz. Eta Montaik 76 euroraino jaitsi zuen bere prezioa, bi urte lehenago egin zuen aurrekontukoa baino %134,4 baxuagoa. Udalak lehen seihileko lanak Events Onddar2ri esleitu zizkion. Gero, urteko bigarren erdiko lanak Import Caravan enpresak egingo zituen, antzerako aurrekontu batengatik (83,9 euro eguneko).
76 euroko azken eskaintza hori eginda, Aitor Elorzaren enpresak argi uzten du nahierara kontratatu zutenean arloko preziotik oso gora dagoen kopurua fakturatu zuela, batetik (76 euro eskaini zituen, bi urte lehenago lan bera egiteagatik 160 euro kobratu zituenean). Eta bestetik, udaleko barne informazioa bazuela antzematen da, aurkeztutako eskaintza aurreko urtean konpetentziak egindakoaren berbera baita, KPIa gehituta.
Orain arte EAJren udal gobernuak zerbitzuen prestazioetan kontratazio irregularrak egiteko ohitura duela salatu izan dugu, baita irregulartasun horien onuradun nagusia Elorzaren enpresa taldea dela. Orain, Abotsanitz Udal Taldeak lehen aldiz erakutsi du Montaik gainkostu handiak eragin zizkiola Hondarribiko herriari.
Abotsanitz Udal Taldeak lanean jarraituko du udal gobernuaren kontratazio irregularrak salatzen, eta irregulartasun horiek hondarribiarrei kalte ekonomikoa eragin ote dieten ikertzen.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 480 irakurketak
- Castellano