Hondarribiko 'ez-jaien' Abotsanitz Udal Taldearen balorazioa

abotsaniz-8-sep-2020

Abotsanitz.- Ezer baino lehen, herritarren jarrera goraipatu nahi dugu, egun hain berezi hauek modu arduratsu eta txalogarrian bizitu dituztelako, nahiz eta udal gobernuak informazio eta prebentzio puntuak ez burutzea erabaki zuen arren.

Udal gobernuak egin duen gauza bakarra polizia kalera ateratzea izan da. Elizkizunak salbu, beste ekitaldi eta bestelako guztiak bertan behera utzi ditu EAJk, kultura sektoreari azken kolpea emanez. Udaran, azken udala izan zen Hondarribikoa kultur ekitaldiak programatzen, eta programatzeari uzten lehenengoa izan da gero. Kultur ekitaldiak eremu seguruak direla demostratu den arren, kultur programazio osoa bertan behera utzi du, 'ez-jaien' ardura guztia herritarren esku utziaz.

Hori horrela, egiteko gutxi zuen udal gobernuak. Baina, eta behin eta berriro gainontzeko udal taldeok laguntzeko prestutasuna azaldu diogun arren, Txomin Sagarzazu alkatea inprobisatzen aritu da eguna joan eta eguna etorri. Horren froga dira adostutako testurik ez egotea, edo botoaren berriztapenarekin gertatu zena, azken unera arte ez baikenuen jakin zer egingo zen.

Alardearen inguruan

Abotsanitzek penaz hartu du botoaren berriztapenean Alarde Fundazioak parte ez hartzeko erabakia, lehendik zegoena baino zatiketa gehiago eragin duelako. Horren ordez, ekitaldi “pribatu eta intimoa” antolatu zuen Alarde Fundazioak, baina ekitaldi horretan “herriko ordezkari” zirela baieztatu zuten. Hondarribiko Udalbatza osatzen duten 17 zinegotziak dira herriko ordezkariak, ez beste inor, eta herriko ordezkari den Udalbatzak burutu zuen botoaren berriztapena, urtero bezala.

Alkatearen determinazio faltak eragin du, neurri handi batean, gertatu dena. Aurten, osasun egoera zela-eta, hondarribiar guztiok sentipen bera, hutsune bera partekatu dugu: Alarderik gabeko jaiak izan dira aurtengoak. Baina udal gobernuaren konpromiso ahulak ez du ekidin, beste behin ere, herritarron arteko liskarra.

Bada garaia udal gobernuak benetako apustua egin eta jarrera tinkoa agertzeko. Pausu hori ematean dutenean, ondoan izango gaituzte, laguntzeko prest.

Etiquetas: