Irungo EH Bildu.- Badira bost urte Morian, Grezian, pertsona errefuxiatuentzako eremua sortu zenetik. Hasieran 3.000 pertsonentzat sortutako eremu hau kontrolik gabe hazi eta hazi da (gaur egun 12.000 lagun ditu), Europak beste alde batera begiratu duen bitartean eta estatuek pertsona errefuxiatuak artatzeko konpromisoa (2015 eta 2016 artean sinatutako banaketa kupoa) alboratu duten bitartean.
Hirugarren sektoreko eragileek eta gobernuz kanpoko erakundeek behin eta berriro salatu dute Moiran bizirauten duten pertsonen baliabide falta. Mundu mailako osasun alarma egoerak eta azkenaldiko eraso ultraeskuindarrek bizi baldintza horiek zaildu egin dituzte.
Azkenean, Moria lehertu da. Lau sute txikirekin hasi zena sute erraldoi bihurtu zen, Europako errefuxiatuen esparrurik handiena errez. Atzoko datuen arabera, 35 pertsona errefuxiaturen positiboa baieztatu zen, COVID19 birusaz, eta beste 125 pertsona berrogelaldi hertsia egiten ari ziren. Horrelako eremu batean ezinezkoa da segurtasun neurriak aurrera eraman ahal izatea, ezta gutxieneko distantzia mantentzea ere, higiene neurriak bermatzea...
Sutea dela eta, bertako biztanle guztiek ihes egin behar izan dute. Batzuek zuten gutxia gainean hartzeko abagunea izan dute; beste batzuek, aldiz, zeuden bezala alde egin dute.
Orain, 12.000 lagunetik gora sakabanatuta daude Moria inguruan. Jendea sakabanatuta dago, haurrak galduta daude beraien gurasoengatik galdezka, lagundu gabeko adin txikiko haurrak identifikatzen salatzen ari dira, ur eskasia dago eta etengabe hori eskatzen ari dira.
Elkarte eta erakundeak egoeraren mapeoa egiten ari dira, pertsona errefuxiatuak non pilatu diren aztertzen eta janaria nola banatu eta haiengana nola heldu baloratzen. Lan hori egiten ari direnen artean, Zaporeakeko kideak daude, gaur egun zerbitzu oinarrizko bat ematen dauden erakunde bakanetakoak direlarik.
Horiek horrela, EH Bildu udal taldeak, honako hau proposatzen du:
- Irungo Udalak "harrera hiritzat" du bere burua, eta elkartasuna adierazi nahi die haien bizilekuetatik alde egin beharrean diren pertsonei. Eta gatazka politiko eta militarretatik ¡nes egiten duten pertsona errefuxiatuak hartzeko prestutasuna adierazten du, baita konpromiso bera duten beste erakundeekin lan egitekoa ere.
- Irungo Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat, iheslariak hartzeko eta integratzeko harrera planari eusteko konpromisoa berresten du, eta xede horretarako estrategiak, programak eta baliabideak zehaztuko ditu, baita erakundeen eta gizarte antolakundeen arteko elkarlanerako esparruak ere.
- Irungo Udalak Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei eskatzen die har ditzatela premiazko neurriak krisi humanitario honi erantzun aktiboa emateko, elkartasuna eta justizia oinarrian direla, eta politika bateratu bat egin dezatela immigrazio eta asilo arloan, pertsonei lehentasuna emanez eta giza eskubideen zaintza bermatuz. Gerra hauetatik ihes egiten duten edo tragedia hau aprobetxatzen duten mafien biktima diren pertsonak hartzeko beharrezko bitartekoak bidera ditzatela eskatzen die.
- Irungo Udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Moriako tragediaren aurrean jarrera aktiboa eta solidarioa har dezatela eta haren ondorioak arintzeko eskura dituzten bitartekoak bidera ditzatela eskatzen die.
- Egutegia
- 654 irakurketak
- Castellano