Irungo EH Bilduk pozez hartzen du Artiako ezkiak ez botatzea eta Artiako Lagunak taldearen lana txalotzen du

Tilos de ArtiaLerro hauen bitartez, Irungo EH Bildu osatzen dugunok jakinarazi nahi dugu pozez hartzen dugula atzo Irungo udalak Artiako ezkien gainean ezagutzera eman zuen berria.

Hala eta guztiz ere, faltan botatzen dugu prozesu osoaren nondik norakoak azaldu ez izana. COVID19ko egoera eman baino lehen, Irungo udalak ezki horiek mozteko agindua emanda zuen. Zegoen txosten tekniko bakarrak moztea alternatiba bakarra zela zioen, beraz, ez zegoen ezer egiterik. Baina erabaki hori mahai gainean egonda, auzolagun talde bat sortu zen zuhaitz hauen defentsan.

Auzoan eragile bat sortu, antolatu eta lanean jarri zen. Hasierako bataila ezki hauen mozketari alternatiba bat bilatzea izan zen. Horretarako, harremanetan jarri ziren udal talde politikoekin, egoera salatzeko asmoz. COVID19 horrek zuhaitzen mozketa bertan behera utzi zuen, eta auzo eragile honen kudeaketari esker, bigarren azterketa tekniko bat kontratatzea lortu zen.

Atzo jakin genuenez, bigarren azterketa horrek hainbat aktuazio aurreikusten ditu hainbat zuhaitzetan, baina, era berean, adierazten du ezki guztiak salba daitezkeela, alerik bota gabe.

Irungo EH Bilduko kideok Artiako Lagunak taldea zoriondu nahi dugu auzoaz eta ingurumenaz izan duen kezkaz eta egin duen borrokaz. Aktuazio batzuk eginda, Artiako auzoak ezki guztiak mantentzeko aukera izango du. Halaber, garbi dugu eragile honengatik izan ez balitz gaur Artiako auzoak ez zituen balio handiko ezki hauek haien kaleetan izango.

Bigarren azterketa horrek erakutsi du hasierako erabakia presaz harturikoa izan zela. Edonola ere, Irungo udalari eskertu nahi diogu Artiako Lagunak taldeari kasu egin izana eta, bigarren azterketa hori kontratatu izana.

Ekologia inoiz baino garrantzitsua den egun hauetan Artiako auzo mugimenduen garrantzia txalotu nahi dugu, eta Irungo udal gobernuari esan, erabakirik hartu baino lehen elkarrizketa dela bidea.

Etiquetas: