Aitor Palentziara eta ez Iratxeren aurkako laugarren euroaginduari

Ostiralean Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi zutenez, Aitor Olaizola preso politiko irundarra Palentziako espetxera hurbilduko dute, Euskal Herritik 310 kilometrora dagoen espetxera, hain zuzen ere. Gaur egun, Aitor 660 km-ra dago Caceresko espetxean. Aitor 2001eko martxoaren 25ean atxilotu zuten, eta 19 urte baino gehiago daramatza kartzelan.

Preso bakarra Euskal Herrian
Euskal Herriko espetxe batean zigorra betetzen ari den Irungo preso politiko bakarra Francisco Jose Ramada da. Berak, irailaren 10ean, zigorraren 3/4ak bete zituen eta, beraz, baldintzapeko askatasunarekin kalean egon beharko luke.

Fermoa 700 km-ra
Fermin Vila Villenako espetxean (Alacant) ari da zigorra betetzen, etxetik 700 kilometrora. Fermo PSNIk (Ipar Irlandako polizia) atxilotu zuen 2010eko ekainaren 24an Belfasten, Guardia Zibilaren laguntzarekin, eta 2014ko ekainaren 20an Espainiako estatura estraditatu zuten, beraz, 10 urte baino gehiago daramatza kartzelan.

Fiskala laugarren euroaginduaren aurka
Halaber, aste honetan jakin da Parisko Apelazio Gorteko abokatu nagusiak (fiskala) Iratxe Sorzabal preso politiko irundarraren aurkako laugarren euroagindua atzera botatzea eskatu duela. Irundarra Reauko kartzela zigorra betetzen ari baita, Euskal Herritik 925 kilometrora. Iratxe 2015eko irailaren 22an atxilotu zuten Baigorrin, eta 5 urte baino gehiago daramatza kartzelan.

Etiquetas: