Erantzukizuna eskaintzen dugu, errespetua eskatzen dugu

Foto: redaccionmedica.comTxingudiko Pentsiodunen Mugimendua.- Pena ematen digu eta hunkitu egiten gaitu pandemia honek eragiten dituen heriotzak, bereziki adineko pertsonengan, bereziki berriz ikusiko ez ditugun kideengan. Gure dolumina adierazi nahi diegu ukitutako familiei. Eskerrak ematen dizkiegu osasun-arloko eta zerbitzuetako langileek herritar guztien beharrei erantzuteko egiten duten ahaleginagatik.

COVID-19ren krisiarekin agerian geratu dira azken urteetako murrizketak eta horien ondorioak: ohe gutxiago, osasun-langile gutxiago, pazienteei arreta emateko behar den material gutxiago. Horretarako, premiazkoa da Osasun Publiko Unibertsala izatea, herritarreen osasun-eskaerei erantzuteko behar beste giza baliabide eta baliabide material izango dituena, batez ere osasunkrisiaren garai hauetan.

Egoera latzena adinekoen egoitzetan gertatzen da, agintari sanitario, politiko, sozial eta judizialek argitu, zuzendu eta zigortu beharko dituzten arrazoiengatik.

Agerikoa da adinekoei laguntza pertsonalizatua emateko sektore publikoa indartu behar dela, bai etxeetan, bai egoitzetan, giza baliabide eta baliabide material gehiagorekin, kontrol sakonagoak ezarriz. Ezinezkoa da adinekoen arreta, Ongizate Estatuaren oinarrizko zutabe bat, erakunde pribatuen negozioaren mende egotea. Osasuna eta bizitza ditugu jokoan.

Zenbait herrialdetan baloratu da deseskalatzea adineko pertsonen zirkulazio askea eragotziz egitea, unea iristen denean. Neurri diskriminatzaileak ezartzeko adinaren irizpidean oinarritzeak giza eskubideen aurka egitea dakar. Erabaki hertsatzailea eta arbitrarioa izango litzateke. Espero dezagun gobernatzen gaituzten agintari politiko eta sanitarioak sen onean oinarritzea eta adinaren araberako diskriminazioak alde batera uztea.

Adina dela eta, gomendatu ahal da, baina ez debekatu, eta are gutxiago erreprimitu. Erantzukizunaren zentzua da gure jokabidearen oinarria. Gure osasunak kezkatzen gaitu. Baita gure inguruko eta gure osasuneko eta eguneroko beharrei erantzuten dietenena ere. Adin nagusikook ariketa fisikoa egin behar dugu. Gure organismoak hala eskatzen du giharren tonua eta oreka mantentzeko. Adineko jendeak maiz egiten ditu erresistentziako kirol-jarduerak, askotan osasunarrazoiengatik gomendatzen direnak.

Laburbilduz, isolamendua kendu edo arintzen denean, adinaren araberako murrizketarik ez egotea eskatzen dugu. Eskubide eta betebehar guztiak dituzten pertsona fisiko gisa tratatzea eskatzen dugu. Espero dugu ez dela beharrezkoa izango "ile-zuridunen matxinada" sustatzea.

Etiquetas: